Hamaiketakoentzat bilgarri berrerabilgarriak banatuko zaizkie Lehen Hezkuntzako ikasleei

Uztarria.eus 2013ko aza. 4a, 19:25
Leire Etxaniz zinegotzia eta ikastetxeetako ordezkariak, ikasleei banatuko dizkieten bilgarriekin.

Joan den ikasturtean abian jarritako Eskola Berdeak ekimenaren barruko neurri berrietako bat da, eta plastikozko hondakinak gutxitzea du helburu.

Bigarren ikasturtez jarraian, Azpeitiko ikastetxeetan Eskola Berdeak ekimena lantzen ari dira. Joan den ikasturtean esperientzia pilotu gisa abian jarritako ekimenaren azken helburua hezkuntza zentroak zaborrik gabeko eskola bihurtzea da.

2012-2013 ikasturtean ekin zioten bideari Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan, sortzen zituzten hondakin organikoak auto-konpostaren bidez kudeatzen hasita. Esperientzia pilotu hori "oso positiboa izan da", ekimena bultzatu eta bertan parte hartu duten eragileen arabera. Horrela, 2013-2014 ikasturte honetan ere auto-konpostatzen jarraituko dute aipatu ikastetxeetan.

Hain zuzen ere, "iaz baino organiko gehiago kudeatzeko erraztasuna eta baliabideak jartzea" da Eskola Berdeak ekimenari dagokionez ikasturte honetarako finkatu duten erronketako bat, "iazko programa pilotuaren balantze positiboaren ostean frogatu baita, eskolek organiko gehiago kudeatu dezaketela".

Bigarren erronkak, berriz, ikasleek eskolara eramaten dituzten hamaiketakoekin sortzen diren hondakinak gutxitzeko bitarteko batekin du zerikusia. Horrela, Bockandroll izena eman diote Lehen Hezkuntzako ikasleen artean banatuko duten bilgarri berrerabilgarriari, eta plastikozko hondakinak gutxitzea du helburu. Lehen Hezkuntzako herriko ikastetxe guztietan banatuko dituzte bilgarriok. "Kanpaina honekin, hondakinen murrizketan egin nahi dugu indarra, soluzio praktikoen bidez", adierazi dute Eskola Berdeak ekimenaren arduradunek.