Gazte bat atxilotu dute Azpeitian, droga trafikoa egotzita

Uztarria.eus 2013ko aza. 19a, 16:09

Bart, 01:00ak aldean, atxilotu zuten 25 urteko gaztea, Urola kalean. Bederatzi estupefaziente poltsatxo eta marihuana zorroa atzeman zizkioten, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren arabera.

Ertzaintzak 25 urteko lagun bat atxilotu zuen bart, 01:00ak aldean, Urola kalean, droga trafikoa egotzita. Ertzaintzaren arabera, bederatzi estupefaziente poltsatxo eta marihuanaz betetako motxila bat zituen gazteak.

Ertzaintzaren auto bat Urola kaletik igarotzen ari zela, aparkatuta zegoen Audi A6 batetik bi lagun presaka atera zirela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak prentsa ohar bidez. Hori dela-eta, lagun horietako batena gerturatu ziren ertzainak, "eta gazteak bizkarra eman eta zerbait ezkutatu zuela", esan dute. Horrenbestez, gaztea mihatu eta gerrialdean bederatzi droga poltsatxo atzeman zizkioten. Autoa erregistratzerakoan, maletategian zuten motxilan marihuana zorro bat aurkitu zutela ere azaldu du Segurtasun sailak.

25 urteko gaztea droga trafikoa leporatuta atxilotu zuten, eta epailearen esku utzi dute.