Jorge del Cid eta Nerea Odriozola Lurreko I. Openeko txapeldun

Uztarria.eus 2013ko aza. 27a, 11:38
Del Cid eta Odriozolaren autoa, lasterketako une batean.

Zapatuan lortu zuten Lurreko I. Opena irabaztea, txapelketa horretako azken proban nagusitu eta gero. Horrez gain, duela aste batzuk Errioxako Txapelketa ere irabazi zuten Del Cidek eta Odriozolak.

Joan den zapatuan jokatu zen Errioxako, Nafarroako eta Euskadiko automobilismo federazioek antolatzen duten Lurreko Openeko azken proba, Baños de Rioja eta Villalobar herrietan. Proba hasterako Javier Izagirre zen sailkapeneko buru. Xabier Jareño zen bigarrena, lehenengoa baino bi puntu gutxiagorekin, eta Jorge del Cid eta Nerea Odriozola ziren hirugarren postuan, aurrena baino bost puntu guxtiagorekin.

Proba ez zen ondo hasi Azpeitiko bikotearentzat, izan ere, Mitsubishi EVO IXa matxuratu eta ezin izan zuten konpondu. Hori dela-eta, hiru zilondroko autoarekin atera behar izan zuten, eta "zortez, lokatza zegoen lurrean eta nahiko motza zen ibilbidea", azaldu du Del Cidek.

Arazoak arazo, lehen zatian denbora onena eskuratu zuten Del Cidek eta Odriozolak, baina atzetik izan zituzten Carlos Aldekoa eta Javier Izagirre. Bigarren zatian Carlos Aldekoak lortu zuen denbora onena, eta 02:30 segundora iritsi ziren Del Cid eta Odriozola, eta 03:40 segundora Izagirre. Hori dela-eta, Aldekoa jarri zen lehen postuan, baina azpeitiarrentzat aurkaria Izagirre zen, Aldekoa ez zegoen eta izena emanda Openean.

Hirugarren zatian denbora onena Javier Izagirrek egin bazuen ere, ezin izan zuen azpeitiarren denbora hobetu, eta bi punturen aldearekin nagusitu ziren Jorge del Cid eta Nerea Odriozola. Azpeitiarrek ez dute aurtengo lehenengo garaipena, izan ere, duela aste batzuk Errioxako Txapelketa ere irabazi baitzuten.