Euskararen Eguna festa giroan ospatuko dute ikastetxeetan

Uztarria.eus 2013ko abe. 2a, 18:50

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan egun beteko egitarauak prestatu dituzte abenduaren 3rako.

Bihar, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da eta, Azpeitian, ikastetxeak dira egun hori bereziki ospatuko dutenak.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan egun beteko egitarauak prestatu dituzte abenduaren 3rako:

  • Azpeitiko Ikastola Ikasberri. Ikastolaren Eguna ospatuko dute, 09:30ean ekitaldiekin hasita. Pregoia, euskal jolasak, Mari Domingiri ongietorria, hamaiketakoa, jolasak, aurpegi margoketa, ipuin kontaketa, kirol ekitaldiak, eskulanak, zine emanaldia... izango dituzte egunean zehar.
  • Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai. Ikastolaren eta Euskararen Eguna ospatuko dute. Euskal musika, apainketa, ipuin kontaketak, irratsaio bereziak, irteerak, abestiak, dantzak... izango dituzte eguerdi artean. Arratsaldean, berriz, jolasak eta askaria egingo dituzte.
  • Iraurgi Ikastetxea. Haur Hezkuntzakoek 08:40ean hasiko dituzte Euskararen Eguneko ekitaldiak, egun guztian zehar antzezlanak, abestiak, bertsoak, dantzak, zine emanaldia... izango dituzte. Horrez gain, Euskara gure barneko izarra lelo hartuta horma irudia osatuko dute. Lehen Hezkuntzakoak 08:45etik aurrera hasiko dira Euskararen Eguneko ekitaldiekin eta antzezlan, kanta, bertso eta dantzekin batera, euskararekin lotutako hainbat lan ere egingo dituzte. Arratsaldean egindako kartelekin-eta ekitaldia izango dute. DBH eta Batxilergokoek, euskararen inguruko hainbat lan egingo dute, Lehen Hezkuntzako ikasleekin elkarlanean jardungo dute eta lip dub bat egingo dute.
  • Urola Ikastola. Euskararen eta Ikastolaren Eguna ospatuko dute. DBH 1 eta DBH 2ko ikasleek ibilaldi neurtua egingo dute Urrestillara eta ibilbidean ateratako argazkien lehiaketa egingo dute. Irudi lehiaketa ere izango dute; aurtengo leloa Mintza hadi hikaz, lagun! da. DBH 1eko ikasleek egin dituzte lan hauek eta, dagoeneko, erakusketa ikastolan dago ikusgai. DBH 3 eta DBH 4ko ikasleek jokoak eta kirol partidak izango dituzte: MHLZ, mus txapelketa, futbola, saskibaloia, pilota...