Inaxio Uria gogoratu dute ETAk hil eta bost urtera

Uztarria.eus 2013ko abe. 3a, 15:49

Duela bost urte gaurko egunez ETAk tiroz hil zuen toki eta ordu berean oroitu dute Inaxio Uria, ordulaurdeneko elkarretaratze ixilean. Uriaren seme-alabak, anai-arrebak, senitartekoak eta gertukoak izan dira enpresariaren omenez Loiolan dagoen oroitarriaren aurrean, eta bigarren iladatik atzera, berriz, hainbat alderdi politikotako ordezkariak, herritarrak eta Altuna y Uria enpresako langileak. Besteak beste han ziren, EAJko Joseba Egibar, Andoni Ortuzar, Bakartxo Tejeria, Arantza Tapia eta Markel Olano, Aralarreko Ainhoa Beola eta Rebeka Ubera, PSE-EEko Iñaki Arriola eta EAko Ikerne Badiola, Alberto Unamunzaga eta Pello Urizar. Confebaskeko lehendakari Migel Angel Lujua ere han izan da. Azpeitiko Udaleko hainbat ordezkari ere izan dira elkarretaratzean. Hala nola, Mikel Ibarzabal eta Kontxita Martija Bilduko zinegotziak, eta Aitor Gorrotxategi EAJko zinegotzia. Isaias Carrascoren alarguna eta alaba ere bertaratu dira. Inaxio Uria zenaren iloba Miren Uriak esker hitzak izan ditu intituzio eta komunikabideentzat, "errespetuz jokatu dutelako bai familiarekin eta baita nire osaba Inaxio Uriarekin ere". Uria-Aramendi sendiak prentsa-oharra kaleratu zuen asteburuan, eta "itxaropena justizian" dutela azaldu zuten.