Diru iturri berriak lortzeko ACN negozio aukera hasi du Azpeitia-Azkoitia ISBk

Urola Kostako Hitza 2013ko abe. 5a, 10:43
Herenegun egin zuten negozio berriaren inguruko batzarra, Loiola hotelean.

Egoera ekonomikoari aurre egiteko asmoz, telekomunikazio enpresarekin bat egin eta interneten saltokia ireki du, negozio aukera berriarekin kluba finantziatu dezaten.

Azpeitia-Azkoitia Saskibaloi Taldeak finantziazio iturri berrietara jo du, egungo egoerari aurre egin nahian. ACN (American Communication Network) telekomunikazio enpresarekin bat egin eta interneten saltokia ireki du, negozio aukera berriarekin kluba finantziatu dezaten.

Iñaki Uria elkarteko lehendakariak bide berrietara jotzeko beharra azpimarratu du; "duela lau urte 40 babesle genituen, eta egun oso gutxi ditugu. Gainera, udalak urtez urte %20 ari dira jaisten diru-laguntzak". Gainera, gogoratu du egoera ekonomikoaren ondorioz talde nagusia LEB maila uzteko zorian egon dela. Hala, egun jasotzen dituzten kuotekin jokalari guztien gastuei aurre egiteko moduan ez direla azpimarratu du lehendakariak.

"Nonbaitetik lortu behar dugu dirua, eta ACNren bidez lortuko dugula uste dut", azaldu du. Atzo iluntzean aurkeztu zuten egitasmoa, haren berri eman eta negoziorako bezero eta bazkide berriak lortzeko asmoz. AEBtako enpresa da ACN, eta munduko 23 herrialdetan ditu egoitzak. Hara atxikitzen direnak, lizentzia bat ordainduta saltokia irekitzen dute sarean, eta salmenta zuzena egiten dute bezeroekin. Telefono mugikorren, energiaren edota alarmen inguruko produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzte; "ez dute publizitatean inbertitzen, eta horren eraginez merkeago eskaintzen ditugu zerbitzuak. Puntako konpainiekin gaude elkartuta, baina ACNk, guk, fakturatzen ditu zerbitzuak, eta komisioen bidez irabazten dugu dirua". Negozio aukera berrira bat eginda, klubarekin sarera batzen direnek "onurak" izango dituztela azpimarratu dute: "Bezeroek merkeago izango dituzte fakturak, eta aldi berean kluba finantziatzen lagunduko dute. Guztiontzako da onuragarria". Saskibaloi taldeak dagoeneko martxan du negozioa, eta finantziazio bide berriak lortzeko eta beraz kluba aurrera ateratzeko "eraginkorra" izango delakoan da; dena den, irabaziak "pixkanaka eta denborarekin" etorriko direla adierazi dute.

Network marketing eredua ardatz duenez, ordea, negozioak aurrera egiteko ezinbestekoa dute bezero eta bazkideen sarea osatzea. Hala, bertan parte hartu edota informazio gehiago nahi duenak elkarteareko lehendakariarekin jar daiteke harremanetan, 629-46 09 42 telefonora deituta. ACN negozio aukerarekin bat egiteaz gain, adierazi dute beste diru- iturri batzuk ere badituztela buruan.

Batzarra, "positiboa"

Hain zuzen, diru iturri berriak lortzeko proiektu desberdinak jorratu zituzten ostegunean, klubak egin zuen urteko batzar orokorrean. 142 lagun elkartu ziren Azpeitiko Soreasu antzokian, eta hango "balorazio positiboa" egin du taldeak; proiektu horiez gain, bazkidetzeen prozesua, hurrengo urteko hauteskundeak, emakumeen parte-hartzea, kirol emaitzak eta ekonomia arazoak eta kuotak izan zituzten hizpide.