Atletismoa sustatzeko hitzarmena sinatu dute

Uztarria.eus 2013ko abe. 5a, 14:05

Eskola kirola eta atletismoa sustatzeko hitzarmena sinatu dute gaur, osteguna, Azpeitiko Udalak eta herriko ikastetxeek. "atletismorako zaletasuna bultzatzeko zein kirol heldutasuna eta giza heldutasuna uztartzeko" sinatu dute hitzarmena, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasketa buru Beñat Azurmendik, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko zuzendari Arantxa Sudupek, Iraurgi Ikastetxeko zuzendari Maria Jesus Agirrek eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak. Manuel Unanue Kirol zinegotzia ere hitzarmenaren sinatze ekitaldian izan da, eta hark azaldu duenez, "atletismoan aritu nahi duten ikasleei herriko ikastola-ikastetxe zein Udal instalazioen erabilpen amankomuna eta irekia ahalbideratzeko" sinatu dute hitzarmena. Aurrerantzean atletismo saioak astean bizpahiru egunetan izango dira, eta saioak zuzenduko dituzten begiraleak izango dituzte gaztetxoek, "atletismoaz ere gozatu daiteke-eta", gaineratu du Unanuek. Izena eman nahi duten ikasleek ikastetxeko kirol koordinatzailearekin jarri beharko du harremanetan. Egun 80 bat neska-mutil dabiltza atletismoan.