Inoiz ez zen Inaxio hiltzeko arrazoirik egon

Inaxio Lasaren sendia 2013ko abe. 6a, 13:46

Inaxio Lasaren sendiak Uztarria Komunikazio Taldeari gaur, abenduak 6, bidali dion gutuna da hurrengoa.

1980ko abenduak 6an, Inaxio Lasa Errezola hil zenuen, Azpeitian dagoen Lasaoko Lasa bere tabernan lanean zegoelarik, zuen "inguruneagatik" txibato bezala faltsuki akusatuz. Ez zitzaizun zaila izan, koldar hori, gizon errugabe eta defentsarik gabekoa buruan bi tiro emanez hiltzea.

Gutun honen bitartez, gertaerak, izan ziren bezala azaldu nahi ditugu:

1980-12-6a baino egun batzuk lehenago, Lasaoko auzoan dagoen Iberdrolako azpiestazioan "ekintza" baten saiakera egin zenuten. Antza denez, halako txapuza egin zenuten, ezer ez lortzeaz gain, auzo guztia ohartu, eta amek, beldurturik, kalean zebiltzan beren umeak hartu eta etxera eraman zituzten. Auzotik, Inaxio Lasaren tabernara igo zineten eta tabernako telelefono publikotik dei egin eta alde egin zenuten.

Bitartean, auzoan alarma hura sortuta, eta zuek oraindik tabernan zeundetela, Guardia Zibilak jasoa zuen jadanik zuen "ekintza handiaz" jakinarazten zien deia, zuek joan eta berehala, Guardia Zibila Iberdrolan azaldu baitzen.

Inork baino hobeto kalkulatu dezakezu zuk, pasa zen denboragatik, dei hori ez zela tabernatik egin. 

Ondoren, Guardia Zibila, Inaxioren tabernara igo zen eta honek ez zien ezer esan, Inaxio guztiz apolitikoa izateaz gain, behean dagoen auzoan gertatutakoaz ezer ez zekielako.

Hiltzaile bezala, baita ere, seinalatu nahi ditugu zurekin batera joan zirenak abenduak 6ko egun hartan, eta gorroto edo inbidiagatik babesten zintuzten eta zaituztenak, eta zuen eginkizun "meditatu" horietan gidatzen zaituzteten "informazio zail eta sofistikatu" horietaz beteriko kalumniak zabaltzen zituzten eta dituztenak. Nola deitzen diezu zuk horiei? Nola deitzen diezu zuk zuen txibatoei? Guk "Txibato Zaborrak".

Baita ere esan nahi dugu, sufrimenduz beteriko urte guzti hauetan, benetan deia egin zuenak (eta orduan 4 telefono gehiago bakarrik zeuden auzoan), gugana gerturatu eta gure mina arinduko zuenaren alferrikako esperantza eduki dugula, baina ez da horrela izan. Gureak ez zeukan eta ez dauka erremediorik, bereak agian bai.

Eta zuri esan, Juan Carlos Arruti Paterra, hiltzaile hori, dianak margotzen, ahoz aho kalumniak zabaltzen, eta erahilketak justifikatu eta txalotzen dituen zeure inguruko zaborrarekin ustel zaitezela.