Erabilera areagotzeko neurriak ezarri dituzte Udalaren Barruko Euskara Planaren V. Plangintzaldian

Uztarria.eus 2013ko abe. 12a, 19:32
Ezkerretik eskubira, Ainhoa Beristain, Kontxita Martija eta Iratxe Ibarra, Euskara Patronatuan. (ERABILI.COM)

Lau urterako, 2013tik 2017ra, betetzeko helburu orokorrak zehaztu dituzte. Horrez gain, urtez urteko kudeaketa planak egin eta horien jarraipena egiteko batzordea ere osatuko dute, udalean bertan. Euskara Patronatuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) elkarlanean osatu dute planaren aldi berrirako egitasmoa.

Azpeitiko Udalak abenduaren 3an, Euskararen Egunean, plenoan onartutako Udal Barruko Euskararen Erabilera Planaren V. Plangintzaldia aurkeztu dute gaur, osteguna, Kontxita Martija Euskara batzordeburuak eta Iratxe Ibarra UEMAko teknikariak; Ainhoa Beristain ere, aurreko Euskara batzordeburua, aurkezpenean izan da.

Udalaren Erabilera planaren epealdi berria lau urtekoa izango da, 2013tik 2017rakoa. 1990eko hamarkadan hasi zen Azpeitiko Udala euskararen erabilera sustatzeko lehen neurriak hartzen. 1997an, berriz, udal guztiak euskara plana osatzera derrigortzen zituen dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta pausorik sendoenak harrezkero eman direla gogorarazi du Kontxita Martijak. Azken 16 urteetan egindakoaren emaitzak eta, bereziki, "Azpeitiko Udalean lanean ari diren langile guztiei meritu handia" aitortuta, "oraindik badugu zer eginik", esan du Martijak. Zeregin horietan aurrera egiteko taxutu eta onartu dute, hain zuzen ere, 2013tik 2017ra iraungo duen Udal Barruko Euskara Plana.

V. Plangintzaldian, lau urteko epe horretan betetzeko helburu orokorrak zehaztu dituzte, lau arlotan sailkatuta: Udalaren irudi korporatiboa, udalaren barne-harremanak, udalaren kanpo-harremanak eta udal baliabideak. Horrez gain, urtez urteko kudeaketa planak egin eta horien jarraipena egiteko batzordea ere osatuko dute, udalean bertan.

Euskararen erabileraren normalizazio mailari lotuta, mankomunitatean dauden udalak lau multzotan sailkatzen ditu UEMAk. Erabilera baxuenetik gorenerako bidean, Abian, Magalean, Gorabidean eta Tontorrean kalifikazioak erabiltzen dituzte UEMAn. Azpeitia, une honetan, Gorabidean dauden udalen multzoan dago. Iratxe Ibarrak azaldu duenez, "emaitza ona da, herri handia dela kontuan hartuta". Azpeitiko Udalaren diagnostikoaren emaitzetan "esanguratsuak egin zaizkidan" pare bat datu ere eman ditu UEMAko teknikariak: "Batetik, udal langileen arteko ahozko erabilera altuagoa izatea espero nuen, inguru hau oso euskalduna dela kontuan izanda. Eurek aitortu dute, ordea, erdadarako joera handia dutela, edo elkarrizketak euskaraz hasi eta erdaraz bukatzekoa, batik bat adin batetik gorakoen artean. Bestetik, datu positibo bezala, Udalak egin duen lana. Adibidez, ordenagailu guztiak euskaraz ditu, eta hori ez dut ikusi udal askotan".

"Udalak herritarren aurrean eredu" izatearen garrantzia nabarmendu du Ibarrak.

Udal Barruko Euskararen Erabilera Planaren V. Plangintzaldiaren gaineko xehetasun guztiak, plangintzaren txosten osoa barne dela, irakur daitezke Euskara Patronatuaren Erabili.com webgunean.