Herritarren iritziak jasotzeko galdetegiak eta buzoiak, martxan

Uztarria.eus 2013ko abe. 13a, 18:43
Ainhoa Beristain eta Aritz Epelde zinegotziak, Olazko Andre Mariaren plazako buzoiaren ondoan.

2014rako udal aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesuaren baitan, galdeketak etxez etxe banatzen hasi dira eta buzoiak ere jarri dituzte auzoetan. Azken horiek abenduaren 20a arte egongo dira kaleetan.

Udala hasi da 2014rako aurrekontuak osatzen. Horretarako, aurreko bi urteetan bezala, herritarren parte-hartzea eta ekarpenak bideratzeko Denon Artean prozesua ere abian du. Auzoz auzo eta arloka egiten ari diren batzarretan herritarren eta eragileen iritziak eta ekarpenak jasotzen ari dira udal ordezkariak. Baina "helburua ahalik eta herritar gehienen iritziak eta beharrak jasotzea izanik", aurten beste bitarteko batzuk ere erabiliko dituzte Denon Artean prozesua indartzeko.

Bitarteko horiek etxez etxe banatzen hasiak diren galdeketak eta aste honetan bertan herriko auzo eta kaleetan jarri dituzten buzoi bereziak dira, "herritarrei bidea errazteko". Aipatutako buzoiak abenduaren 20a arte edukiko dituzte kaleetan. Hala ere, badira urte osoan zehar herritarren eskura dauden buzoiak, eta horiek "bere horretan" jarraituko dute aurrerantzean ere. Udaletxeko sarreran, Udal Liburutegian, igerilekuan eta Urrestillan (jubilatuen elkartearen ondoan) daude buzoi iraunkorrak.

"Herritar guztiak animatu nahi ditugu beren iritzia ematera -dio Udal Gobernuak-. Izan daiteke arlo edo eremu zehatzei loturikoa, proiektu bat eraikitzeko lehen ideia, edota auzoan konpondu beharrean ikusten diren detaile txikiak. Baina guztiak dira herritarren egunerokoan eragiten dutenak. Eta horregatik dira garrantzitsuak bai azpeitiarrontzat, baita Azpeitiko Udalarentzat ere". Jasotako "ekarpen guztiak aztertu eta lantzeko konpromisoa" berretsi dute udal agintariek.