Iraurgi Ikastetxeak eta Altuna y Uria SA enpresak Bikain Ziurtagiria jaso dute

Uztarria.eus 2013ko abe. 18a, 13:32
Bikain Ziurtagiriak banatzeko ekitaldia, atzo. (Sagardoetxea Museoa)

Iraurgi Ikastetxeak goi-mailako Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu du, eta Altuna y Uria eraikuntza enpresak, berriz, tartekoa edo Zilarrezko Bikain Ziurtagiria. Atzo, abenduak 17, egin zuen Eusko Jaurlaritzak ziurtagirien banaketa ekitaldia, EITBk Bilbon duen egoitzan.

Atzo, abenduak 17, banatu zituen Eusko Jaurlaritzak 2013ko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak, EITBk Bilbon duen egoitzan. Aurten, guztira, 36 erakundek jaso dute ziurtagiria. Horietako bi Azpeitiko erakundeentzat izan dira. Iraurgi Ikastetxeak goi-mailako Urrezko Bikain Ziurtagiria, urrezkoa, jaso du, eta Altuna y Uria eraikuntza enpresak tartekoa edo Zilarrezko Bikain Ziurtagiria.

Orotara, bederatzi erakundek goi-mailako Bikain Ziurtagiria eskuratu dute; 16k tartekoa den Zilarrezko Ziurtagiria; eta 11k oinarrizkoa. Kanpo-ebaluazio horiek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 113 kidek egin dituzte. 

Azpeitiko Udalak ere badu Urrezko Bikain ziurtagiria. 2009an jaso zuen, eta ziurtagiria eskuratu zuen aurreneko Udala izan zen.

Bikain Kanpo-Ebaluazioak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin lankidetzan, eta erakunde batean euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa neurtzen dute. Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria ofiziala, publikoa eta doakoa da, eta hiru maila hartzen ditu bere baitan: oinarrizkoa (200 puntu gutxienez); tarteko maila edo zilarrezkoa (400 puntu gutxienez) eta goi mailako edo urrezkoa (700 puntu gutxienez).