Zilarrezko Q saria Iraurgi Ikastetxearentzat

Uztarria.eus 2013ko abe. 26a, 17:39

Urtea albiste onekin bukatu dute Iraurgi Ikastetxean. Abenduaren 17an jaso zuen Urrezko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria ez ezik, Kalitatearen Q saria ere jaso berri du (argazkian). Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak etengabeko hobekuntzan ari diren enpresa eta erakundeei aitortzen dien kalitatearen saria da Q saria. "Iraurgi Ikastetxea osatzen dugun guztion lanaren emaitza izan da, kudeaketa-sistema eta metodologia pedagogiko berritzaileak jarri ditugu martxan azken urteotan, eta oso gustura gaude kalitatearen alde egin dugun apustu sendo hau bere fruituak ematen ari delako. Eskaintzen ari garen kalitatezko hezkuntzaren aitorpenak dira bi sari hauek", adierazi du Maje Agirrek, Iraurgiko zuzendari pedagogikoak.