Lapatxen itxiera eskatuz 2014ko Udalbatzarrean onartutako mozioa

Uztarria.eus 2014ko urt. 8a, 17:46

Hau da mozioaren testu osoa.

Erabakia hitzetatik ekintzetara pasatzea nahi dugu, beraz ordua da eman beharreko pausoak konkretatzeko, bakoitzak ateratzeko bere ondorioak edo zabortegia ixteko egin behar ditugun lanak zehazteko.

Baina, lehenik, eta denaren aurretik Azpeitiko Udalak bat egiten du Gipuzkoan errauskailua ez egitearekin. Gipuzkoarren osasunerako albiste ezin hobea da eta denon poltsikorako ere 500 milioi euro aurreztuko ditugulako. Azpeitiko herritarrek ez dugu edozein motatako konponbidea onartzen hondakinen kudeaketan, eta guretzako nahi ez dugun kaltea ez dugu nahi Zubietako herritarrentzako.

Zabortegiak ixteko ardura gipuzkoar guztiona da eta ezin dira baloiak kanpora bota.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak soberanoak dira nahi dituzten erabakiak hartzeko, nola ez, eta gipuzkoar guztion ordezkariak ere bai. Baina, azpeitiarren interesak defendatzeko eskatu nahi diegu alderdi politiko guztiei. Eta Lapatx ixteko beharrezkoak diren hondakinen azpiegiturak egiteko baimena ematea eskatzen diegu. Orain arteko blokeoa alde batera uzteko eskatzen diegu, eta errauskailu gabeko errealitate berrian, zabortegiak ixteko beharrezkoak diren azpiegitura berriak adosteko bidea zabaltzea.

Errauskailua soilik adostea ez da posible egoera honetan, ondorioz adostu daitezela Lapatx ixteko beharrezko baliabideak, eta blokeo egoera gainditu.

Jarri gaitezen denok jarri behar dugunean; benetan denok azpeitiar eta gipuzkoarren interesak defendatzen ari bagara, Lapatx itxiko da. Horregatik, eskatzea nahi diegu eragile guztiei eta bereziki Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde politiko guztiei azpeitiarren interesak defendatzeko, ez ditzatela gure herriko interesak ahaztu eta adostu ditzatela Lapatx ixteko azpiegiturak errauskailu gabeko alternatiban.

Udal mozio honen kopia bat Batzar Nagusietako talde politiko guztiei helaraztea onartzea.