Iraurgi Cup-etik Azpeitia Cup-era

Uztarria.eus 2014ko urt. 15a, 19:38
Azpeitia Cup-en antolatzaileak, txapelketarako prestatu dituzten kartelekin. (Azpeitia Cup)

Gaztetxoen futboleko aurtengo txapelketak zuzendaritza berria izango du eta ekainaren 13tik 15era jokatuko dute. Mutilen alebin mailan, goi-mailako hainbat klubetako harrobiko taldeen parte-hartzea baieztatuta dute, eta infantil mailako nesken txapelketa ere ari dira prestatzen.

Aurten ere gaztetxoen futbolari eskainitako txapelketa egingo da herrian. Adiskidetasunaren Txapelketa izenarekin jaio zenak zortzigarren edizioa beteko du 2014koarekin, baina izen eta arduradun berriak izango ditu. Azken urteetan Iraurgi Cup izan da mutilen alebin mailako taldeen artean jokatu izan den lagunarteko txapelketak. "Iraurgi Cup alebinen futbol txapelketa antolatzeko egon diren zailtasunak direla eta", ordea, proiektu berri bat eratu eta Azpeitia Cup izenekoa sortu dute, txapelketari jarraipena emateko. Ekainaren 13tik 15era jokatuko dute.

Mikel Rodríguez, Mikel Aranbarri, Satur Moto, Joxe Iriondo eta Ignacio Egibar dira Azpeitia Cup-en arduradunak. Txapelketa antolatzeko "Azpeitiko Udalaren eta hainbat erakunde, elkarte eta enpresen babesa" dutela nabarmendu dute. Horrekin batera, Espainiako Lehen Mailako hainbat klubek aurten ere beren harrobiko taldeak Azpeitira ekarriko dituztela aurreratu dute antolatzaileek, hala nola Bartzelonak, Real Madrilek, Sevillak, Valentziak, Espanyolek, Realak, Athleticek, Betisek eta Levantek; Ingalaterrako Arsenalek eta Japoniako talde batek ere "interesa adierazi dute", txapelketan parte hartzeko.

Hori, mutilen alebin mailari dagokionez. Izan ere, Azpeitia Cup-aren arduradunek "beste konpromiso finko bat nesken futbola" dutela esan dute. "Horregatik, infantil kategorian, nesken lehenengo Adiskidetasun Txapelketa izango den futbol txapelketa prestatzen ari gara".

Zabalkundea eta telebistaren aukera

Iraurgi Cup-arekin gertatu bezala, Azpeitia Cup-a Azpeitiko eta inguruko turismoa eta ekonomia sustatzeko tresna bezala ere ikusten dute antolatzaileek. Horrekin lotuta, antolatzaileen helburuetako bat txapelketaren partida batzuk telebistaz ematea da; "hainbat emisorerekin harremanetan" ari direla esan dute. Txapelketaren aitzakian Azpeitira 3.000 lagun etorriko direla aurreikusi dute Azpeitia Cup-eko arduradunek.

Txapelketaren zabalkunderako tresna gehiago ere baliatuko dituzte. Horrela, webgunea prestatzen ari dira (www.azpeitiacup.com).

Elkarlana da antolatzaileek nabarmendu nahi izan duten bestea. "Aurtengo txapelketan parte hartuko duten hainbat jokalari alebinen gurasoek beraien elkartasun eta laguntza osoa eskaini dute aurtengo txapelketak ere arrakasta izan dezan", azaldu dute. Gainera, "Azpeitiko hainbat kultur talde eta boluntario txapelketako partaide eta laguntzaile egiteko asmoz akordioak" lotzen ari dira.