Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 'Bizipoza' ekarriko dute Azpeitira otsailaren 1ean

Uztarria.eus 2014ko urt. 17a, 12:35

Beste urte batez, Uztaro haurreskolako Guraso Elkarteak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia antolatu du haurreskolako jangela mantendu ahal izateko dirua biltzeko. Otsailaren 1ean, zapatua, Bizipoza emanaldia taularatuko dute 17:00etatik aurrera, Izarraitz pilotalekuan.

Sarrerak zazpi euro balio du, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, sartzen diren guztiek ordaindu beharko dute, adina kontuan izan gabe. Sarrerak urtarrilaren 21ean, asteartean, ipiniko dituzte salgai, eguerdi alderako. Azpeitian Uztaro haurreskolan, Laratz kafetegian, Trenbide kafetegian, Lasa gozotegian, Ametsa tabernan, kiroldegian, Pastorkua tabernan eta Eguzkitza tabernan eskuratu ahal izango dira sarrerak. Azkoitian Errotatxo okindegian, eta Zestoan Anardi tabernan.