Festa hasteko gelditzen diren orduak zenbatzen

Uztarria.eus 2014ko urt. 18a, 10:57
Iazko helduen danborradan plazan hartutako irudia.

Zapatuan 18:30etik 21:30era kalez kale ibilko da Jainekin txaranga, eta hori hurrengo bi egunetako festa nagusiaren beroketa ariketa besterik ez da izango. San Sebastian bezpera igandea dela baliatuz, gaueko helduen danborradaren aurretik sokamuturrak hartuko ditu kaleak. Astelehenean ere, San Sebastian egunez, ez da faltako zezenik, ezta danborradarik ere, umeena eta bandera jaistearena. Uztarria.com-ek sansebastianen jarraipena egingo du datozen egunetan, webgune honetan zein sare sozialetan.

Sansebastianak noiz hasiko dago Azpeitia eta hori nabarmena izan da azken astean. Danbor hotsak eta festotako musika doinuak goiz, arratsalde eta iluntze entzun dira herriko hainbat txokotan, kaleko megafoniaren bidez entseguetan (helduenak zein umeenak) edota eskoletako danborradetan.

Festak hasteko ordu batzuk besterik ez dira falta eta itxura batean oso aldekoa ez den eguraldiaren iragarpenak huts egiteko zain daude azpeitiarrak. Gaur, zapatua, 18:30etik 21:30era kalez kale ibilko da Jainekin txaranga, eta hori hurrengo bi egunetako festa nagusiaren beroketa ariketa besterik ez da izango.

Igandean, San Sebastian bezpera igandea dela baliatuz, zezenak aurrea hartuko dio danbor festari. 12:00etan, sokako zezen txikia eramango dute Erdikaletik plazaraino; han, ondoren, umeentzako zezen txikiak eta poniak izango dira. Arratsaldean, berriz, sokamuturrak bere ohiko ibilbidea osatuko du, 16:30ean hasita.

Eta gauean, nola ez, San Sebastian bezperako danborradak hartuko ditu kaleak. 22:15ean abiatuko da, Olazko Andre Mariaren plaza paretik, ehundaka lagunek osatutako danbor festa. Helduen danborrada osatzen duten 27 taldeak hurrenkera honetan ibiliko dira kalez kale: Oñazbideko Gastadoreak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Mendizaleak, Barratsu, Zezenzaleak, Barrenetxea, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta-Egizale, Alkartasuna, Ollagorra, Loiola Bide Zahar, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Euskal Preso eta Iheslariak Etxera eta Arrantzaleak. Ohi bezala -eta eguraldiak eragindako gorabeherarik ez bada-, parrokiaren atarian egingo dute gaueko lehen geldialdia, eta handik plazaraino jarraituko dute, gauerdiko kanpaikadekin batera udaletxean bandera igo ahal izateko.

Astelehena, San Sebastian eguna, danbor hotsekin esnatuko da berriro, 09:30ean hasiko den dianarekin. Herriko agintariak korporazioan joango dira ondoren parrokiara eta handik aterako da, 10:30ean, San Sebastian eguneko prozesioa; 10:45ean, berriz, meza nagusia izango da. 12:00etan, eta ordu erdiz, sokamuturra ibiliko da kalean, eta 12:30ean hasiko da umeen danborrada, Imanol Eliasi eskainitako karrozarekin. Arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara umeentzako jolasak egongo dira Olazko Andre Mariaren plazan, eta 16:30etik aurrera sokamuturra. Eta gauean, 2014ko San Sebastian festetako azken danborrada, jaiak bukatzeko. Zezenzaleak, Barrenetxea, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo eta Arauntza dira aurten bandera jaistean parte hartuko duten sei taldeak. 22:45ean Sanjuandegitik abiatuko dira kalejiran, eta hala ibiliko dira gauerdia baino lehenxeago plazara iritsi eta bandera jaitsi arte.

Uztarria.com-ek sansebastianen jarraipena egingo du datozen egunetan, webgune honetan zein sare sozialetan.

Egitaraua

Hemen, San Sebastian bezperako egitaraua.

Eta hemen, San Sebastian egunekoa.