Umeak blai, baina alai

Uztarria.eus 2014ko urt. 20a, 15:58

Haurren danborradak ibilbide osoa bete du, euripean eta tarteka erauntsi gogorren pean. Plazan, aurtengo karrozaren protagonista izan den Imanol Elias historialari eta idazlea gogoan izan dute: haren alargun Itziar Oiarzabalek eta iloba batek banatu dizkiete opariak karrozan joan diren umeei, eta Udalaren esker ona jaso dute.

Bezperan helduek eguraldiarekin izan zuten zoririk ez dute izan gaur, San Sebastian eguna, haurren danborradan atera direnek. Iragarpen okerrenak bete egin dira kasu horretan. Goiza zaparradak eta urdinguneak tartekatuz ibili da, baina eguerditik aurrera euria ia etengabe aritu da, eta bete-betean harrapatu du abenduaren 20ko danborrada nagusia.

Plastikoak plastiko, busti-busti eginda ibili dira danbor-jole gazteenak. Izan ere, ibilbide osoa egin dute, eta plazan ere jo dituzte jo beharrekoak. Hain zuzen ere, plazako saioarekin danborrada amaitu eta taldeak bakoitza bere jatorrizko tokira abiatzerakoan bota du eguerdi parteko zaparrada bortitzenetako bat, ordubiak laurden gutxi aldean.

Aterrune bakanetakoak, berriz, plazan aurtengo karrozaren protagonista izan den Imanol Elias historialari eta idazlea gogoan izan duteneko unearekin egin du bat: haren alargun Itziar Oiarzabalek eta iloba batek banatu dizkiete opariak karrozan joan diren umeei, eta Udalaren esker ona jaso dute.