Usadioari jarraituz, santaeskea

Uztarria.eus 2014ko ots. 3a, 11:51

Bihar, Santa Ageda bezpera, herriko ikastetxeetako ikasleak santaeskean arituko dira. Matxinbentako auzotarrek ere santaeskea egingo dute urteroko legez, eta haiek auzora itzultzen direnean hasiko dira Santa Ageda festak, Matxinbentan.

Asteazkenean Santa Ageda eguna dela-eta, bihar, bezpera, santaeskean aterako dira herriko ikastetxeetako ikasleak. Usadio zaharrari jarraituz koplak kantatuko dituzte kalean. Hemen ikastetxez ikastetxeko egitaraua.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastola:

  • Karmelo Etxegaraiko LH 5. mailakoak, San Martin egoitzara joango dira kantuan.
  • 11:00etan DBH 1eko ikasle denak, Karmelo Etxegarai Ikastolaren Perdillegiko eraikinera joango dira eta han frontoi estalian abestuko dute bertako ikasleekin batera.
  • Ondoren, bi multzotan banatuta santaeskeari ekingo diote. Talde bat Karmelo Etxegarai ikastolak Euskal Herria kalean duen eraikinera joango da eta han abestuko dute. Gero, Sanjuandegi auzoan ibiliko dira kantatzen. Beste taldea San Martin egoitzara joango da, eta Alde Zaharrera ondoren (Plaza, azokara, Foruen Ibilbidea…).
  • 12:30ean denak anbulatorio aurrean elkartuko dira eta han beste saio bat egingo dute.ç
  • 13:00etan ikastolara itzuliko dira azken abestiak kantatzera.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri:

  • 15:00etan DBH 4ko ikasleak Loiola inguruan ariko dira kantari, bertsolariekin eta trikitilariekin batera. 16:30ean ikastolako gainontzeko ikasleekin bilduko dira eta atarian abestuko dute denek batera.
  • 19:00etan, Jose de Artetxe inguruan bildu eta kalez kale ibiliko dira guraso, ikasle eta irakasleak, bertsolariek eta trikitilariek lagunduta.

-Iraurgi Ikastetxea:

  • 12:00etan Lehen Hezkuntza eta DBH 1 eta 2koek koplak abestuko dituzte, trikitilariek lagunduta, Betharrametan.
  • 16:30ean, HH 3, 4 eta 5. mailakoek Milagrosako atarian abestuko dituzte koplak.

Santagedak Matxinbetan

Matxinbentako bizilagunak, urteroko legez, goizean hasita, baserriz baserri ariko dira Santa Eskean. Loidisaletxe eta Agin Laburu bertsolariak, eta Laja eta Izer trikitilariak ibiliko dira eurekin giroa berotzen, eta iluntzean itzuliko dira Matxinbentara.

Orduan hasiko dira Santa Ageda festak auzoan, eta santaeskean aritu direnekin erromeria izango da gauean. Festak bihar, asteartea, hasiko dira, baina igandera bitartean ekimen ugari izango da Matxinbentan. Asteazkenean, Santa Ageda eguna, 11:00etan meza eta ondoren jubilatuentzako hamaiketakoa izango da.

Gero, ostiralea, mus txapelketa egingo da, eta egunean bertan 21:30ean zabalduko dute izena emateko epea. Beheko tabernan izango da txapelketa, 22:00etan hasita eta bikoteko hogei euro ordaindu beharko da.

Zapaturako egitarau oparoa antolatu dute matxinbentarrek. Horrenbestez, 17:00etan, txakurren abilezia erakustaldia izango da auzoan. Horrez gain, umeentzako jolasak eta txokolatada izango dira arratsaldean, eta iluntzean bertso-afaria egingo dute Aitor Sarriegi eta Iñigo Manzisidor Mantxi bertsolariekin. Afarirako txartelak Beheko tabernan hartu behar dira eguna baino lehen, 943 88 63 15 telefono zenbakira deituta. Behin afaria bukatutakoan Lidia eta Xabier trikitilariekin erromeria izango da.

Igandean bukatuko dira festak, baina ekimen ugari izango da egun osoan zehar.  Txistulariekin goiz eresia. 11:00etan meza izango da, eta umeentzako itxulapiko puskatzea izango da ondoren. Gero, Ilunpe pilota elkarteko pilotarien pilota partidak ikusi ahal izango dira, eta goiz osoan artisau-azoka egongo da auzoan. Urteroko legez, arratsaldean herri kirolak izango dira, eta Itzeder eta Joseba trikitilariek alaituko dute giroa.