Makila eskuan eta zapia soinean, santaeskean

Uztarria.eus 2014ko ots. 4a, 13:57

Gaur, Santa Ageda bezpera, herriko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak santaeskean dabiltza goizean hasita. Ohitura zaharrari jarraituz, kalez kale ibili dira Urola Ikastolako ikasleak, bi taldetan banatuta. Batzuk Sanjuandegi auzoan ibili dira kopla kantari eta besteak, berriz, Alde Zaharrean (bideoan). Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleak ere kantuan ibili dira goiz partean eta, besteak beste, LH 5. mailakoak San Martin egoitzara joan dira egoiliarrei santeskeko abestiak kantatzera. 

Herriko ikastetxeetako ikasleez gain, Matxinbentako bizilagunak, urteroko legez, goizean hasita, baserriz baserri ari dira santaeskean. Loidisaletxe eta Agin Laburu bertsolariak, eta Laja eta Izer trikitilariak dabiltza eurekin giroa berotzen, eta iluntzean itzuliko dira Matxinbentara.