Pixoihal berrerabilgarrien erabilera sustatzeko kanpaina jarriko dute abian

Uztarria.eus 2014ko ots. 20a, 13:52
Ezkerretik eskuinera, Alaitz Oruesagasti, Gloria Urkola, Ainhoa Iraola eta Leire Etxaniz.

Etorkizuna da kanpaina jarriko du abian Urola-erdiko mankomunitateak, pixoihal berrerabilgarrien erabilera indartzeko. Azalpenak emateko, hitzaldiak eskainiko dituzte hainbat herritan. Azpeitian, martxoaren 1ean izango da azalpen saioa, 11:00etatik aurrera, Sindikatu Zaharrean.

Hondakinen kudeaketari lotuta egin diren hainbat sustapen kanpainaren ildoari jarraituz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzari esker, pixoihal berrerabilgarrien erabilera sustatzeko Etorkizuna da kanpaina jarriko du abian Urola-erdiko mankomunitateak. Leire Etxaniz Urola-erdiko mankomunitateko lehendakariak, Ainhoa Iraola Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariak, Alaitz Oruesagasti Urola Erdiko mankomunitateko teknikariak eta Gloria Urkola Meitai Maitieko kideak eman dute ekimenaren berri.

Ainhoa Iraolak azaldu duenez, "zero zabor norabidean beste urrats bat da ekimen hau", eta sortutako hondakina berrerabiltzearen eta birziklatzearen garrantzia nabarmendu eta "hondakinik onena sortzen ez dena" dela esan du. Iraolak gaineratu duenez, "sortzen diren birziklatu ezin diren hondakinen ehuneko handia osatzen dute pixoihalek, eta horiek birziklatuz gero asko igoko litzateke ehunekoa". Hori dela-eta, Urola-erdiko mankomunitateak abian jarriko duen kanpaina "txalotu" du Iraolak. Gloria Urkola Meitai Maitieko kideak hiru argudio eman ditu pardel berrerabilgarrien erabilera sustatzeko: "lehenengoa haurraren osasunari lotutako argudioa da, beti ere hobe delako ohialezko pardel bat, produktu toxikoak dituzten pardelak baino. Horrez gain, bada arrazoi ekonomikoa ere, haur batek zero eta bi urte eta erdi bitartean behar dituen pixoihalek 1.800 euro inguru gastua dakarte, eta aldiz, pardel berrerabilgarriak erabiliz gero kopurua asko jaisten da. Arrazoi ekologiko bat ere bada. Pixoihal komertzialekin 1,5 tona hondakin sortzen da haur bakoitzeko, eta pardel berrerabilgarriekin %20 murriztuko litzateke kopuru hori".

Urola-erdiko zero eta hiru urte bitarteko haurrak dituzten gurasoei azalpen gutuna bidali zaie etxera. Gainera, azalpenak emateko eta iritziak elkartrukatzeko hitzaldiak izango dira datozen asteetan Urola-erdiko hainbat herritan. Otsailaren 25ean, asteartea, izango da aurreneko hitzaldia Zestoako Kultur-Etxean, 18:00etan hasita. Bigarrena Azkoitiko Elkargunean izango da hilaren 27an, 18:00etatik aurrera. Martxoaren 1ean, zapatua, izango da Azpeitiko hitzaldia, 11:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean, eta laugarren eta azken solasaldia Bidania-Goiatzeko udaletxean izango da martxoaren 6an. Horrez gain, diptikoak ere kaleratu dituzte, eta izena eman nahi dutenek diptikoan dute iskribatzeko orria. Behin izen-emate orria beteta, hitzaldietara edo mankomunitatera eraman beharko da. Informazio gehiago behar duenak 943 85 73 19 telefono zenbakira deitu dezake.

Izena ematen duten guztien artean 50 familiak hartuko dute parte kanpainan. 50 eskari baino gehiago baldin badaude mankomunitateak finkatutako irizpideen arabera egingo dute aukeraketa. Kanpainan parte hartuko duten familiek pixoihalek merkatuan duten balioaren %50eko hobariak eskuratuko dituzte.