Martxoaren 29ko 'Eskutik eskura' dinamikaren egitaraua aurkeztu dute Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2014ko ots. 24a, 10:41
'Eskutik eskura' dinamika aurkeztu zuten zapatuan, plazan. (Ane Olaizola)

Egun horretan plazaratuko dute Azpeitian grabatzen ari diren bideoklipa, eta horretarako irudiak grabatzen aritu ziren zapatuan. Antolatzaileen arabera, "parte hartze anitzarekin" prestatu dute martxoaren 29rako egitaraua, "herritarrok herritarrontzat filosofia oinarritzat duena".

Azpeitiko Gure Esku Dago dinamikak agerraldi jendetsua egin zuen atzo eguerdian herriko plazan, martxoaren 29an ospatuko duten Eskutik eskura dinamikaren egitaraua aurkezteko. Egun horretan plazaratuko dute Azpeitian grabatzen ari diren bideoklipa, eta horretarako irudiak grabatzen aritu ziren zapatuan. Antolatzaileen arabera, "parte hartze anitzarekin" prestatu dute martxoaren 29rako egitaraua, "herritarrok herritarrontzat filosofia oinarritzat duena". Egitarau oparoa izango dute herritarrek, eta pertsona guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.

Arratsaldeko 18:00etan ttuntturroak izango dira kaleak girotzen, eta 18:30eatik 19:30era eguneko ekimen nagusia egingo dute Soreasu antzokian; bideoklipa aurkezteaz gain, herriko abeslari, dantzari eta musikariak izango dira jaialdian. 19:43ean, berriz, elektrotxaranga izango da kaleetan, eta 21:00etan txotxa egingo dute. Eguna amaitzeko, Ze esatek! taldearen kontzertua izango da Sanagustinen.

Azpeitiko Gure Esku Dago dimanika joan zen ekainean sortu zuten herritarrek, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ardatz izanda. "Honetarako ilusioz eta esperantzaz beteta ari gara lanean, ari baitaukagu gure etorkizunaren jabeak geu garela, eta beraz, herritar ororen esku dagoela berau gauzatzea", esan dute.

Helburu hori lortzeko azpeitiarrak "bidelagun" direla adierazi dute. "Agian denok ez dugu gure herriarentzako etorkizun bera amestuko, baina denok egiten dugu bat Eusal Herria izango den hori, euskal herritarron erabaki librea izan behar dela". Erabakitzeko eskubidea "printzipio demokratikoa" izanik, haren aldeko jarrera berretsi dute. Bide hori "joera eta ideologia desberdineko herritarrek elkarrekin" egin behar dutela uste dute, "Euskal Herria nazioa delako, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duelako eta euskal herritarroi dagokigulako erabaki hori hartzea".

Helburu horiek oinarri izanda, ekimen desberdinak antolatu dituzte azken hilabeteetan; besteak beste, urtarriletik hitzaldi zikloa ari dira egiten Azpeitian.