Iban Arregi Hekimeneko lehendakari izendatu dute

Berria.info 2014ko ots. 26a, 13:14
Iban Arregi izendatu dute Hekimeneko lehendakari.

Urteko batzarra egin zuen atzo Hekimenek, eta Iban Arregi izango da elkarteko lehendakaria, Berria Taldearen izenean. 24 kidek osatzen dute Hekimen eta horietako bat da Tokikom. Tokikom osatzen duten bazkideen artean da Uztarria Komunikazio Taldea.

Diru laguntzetan, publizitate instituzionalean eta euskarazko hedabideen behategian pausoak eman nahi ditu datozen hilabeteetan Hekimen euskal hedabideen elkarteak. Batzar nagusia egin zuten atzo, asteartea, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. Sorrerako 24 kideez gain, beste bik parte hartu zuten: Bertsolari aldizkariak eta dantzan.com atariak. Sorrerako 24 kide horietako bat da Tokikom, eta Tokikom osatzen duten bazkideen artean da Uztarria Komunikazio Taldea.

Hekimen elkarteko zuzendari kargua egonkorra bada ere, lehendakariarena urtez urte aldatzen da. 2013an, Iban Arantzabal izan zen lehendakaria (Tokikomen izenean). Hemendik aurrera, berriz, Iban Arregi  (Azpeitia, 1975) Berria Taldearen ordezkaria izango da Hekimeneko lehendakaria. Iazko ekainetik, Berria Taldeko kontseilari ordezkaria da Arregi.

Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak nabarmendu duenez, elkarteak lortu du euskal hedabideen artean tresna bat izatea barne kohesiorako eta elkar ezagutzeko. "Hori bakarrik jada positiboa da. Lehen ez zegoen horrelakorik. Orain badaude kanal batzuk, eta hedabideek badakite besteak zertan dabiltzan". Halaber, hemendik gutxira Hekimen elkartearen webgune korporatiboa egingo dute.

Langune hizkuntz industriaren elkartearekin harreman iraunkorra lantzen ari da Hekimen, iaztik. "Elkarte horretan, oso sartuta daude berrikuntzan eta industrian. Haien gogoeta estrategikoan parte hartu dugu, eta interesatzen zaigu hor belarri bat izatea", azaldu du Barandiaranek. "Euskarazko hedabideak berrikuntzara eta industriara iritsi izan garenean, pareta moduko bat topatu izan dugu. Langune iristen da komunitateari zerbitzua ematearen kontzeptura, eta haiekin joateak lagundu egingo digu gauza batzuetan".
 
Informazio gehiago Berria egunkarian.