Udal gobernuak "arduragabe" jokatu izana leporatu dio EAJri

Uztarria.eus 2014ko ots. 27a, 13:07
Manuel Unanue eta IƱaki Portilla zinegotziak, udaletxeko aretoan.

Azpeitiko EAJk atzo, asteazkena, kaleratutako oharrari erantzun dio Udal gobernuak. Jeltzaleek ohartarazi zuten iaz sustapen ekonomikora bideratutako diru sailaren %26 bakarrik erabili dela, eta Bilduko Manuel Unanue eta Iñaki Portilla zinegotziek gaur egin duten agerraldian "arduragabe" jokatzea eta "horretarako prentsa erabili izana" leporatu dio EAJri. Gainera, jeltzaleen testua "tamalgarritzat" jo dute, Azpeitiko egoera ekonomikoa "katastrofikoa" delako.

Udal gobernuko zinegotziek azaldu dutenez, iazko aurrekontuetako 700.000 euro bideratu zituzten sustapen ekonomikora, baina "sustapen ekonomikoa hiru partidatan banatuta dago". Horrenbestez, EAJk kaleratutako oharrean aipatzen zuen %26a, 182.594 euro, ekonomia sustatzeko diru-laguntzen zenbatekoa dela azaldu dute. Hona arloz-arlo sustapen ekonomikora bideratutako 700.000 euroen banaketa:

1.- Garapen Agentzia:

  • Iraurgi Berritzen: 199.037 euro.
  • Eskualdeko Plana: 52.532 euro.
  • Lanpostu berrientzako laguntzak: 130.000 euro

2.- Formazioa:

  • Garapen komunitariorako formazioa: 61.197 euro.

3.- Udal laguntza zuzenak:

  • Enplegua sustatzeko diru-laguntzak: 182.594 euro.

700.000 euro horien zati bat Iraurgi Berritzen garapen agentziara, beste zatia formaziora eta hirugarren zatia Udal laguntza zuzenetara bideratu dela azaldu dute Bilduko zinegotziek. Hori dela-eta, EAJk atzoko oharrean kaleratutako datuak "ez direla zuzenak", eta "oharra kaleratu aurretik datuak kontrastatu behar zituztela" uste du Bilduren Udal taldeak, "datuak manipulatu" dituztelako. Izan ere, enplegua sustatzeko diru-laguntzen partida 350.000 eurokoa zen, eta horietatik 182.594 euro "eskariaren arabera" banatu dituztela azaldu dute. Gastatu gabeko zenbatekoa, berriz, 2014rako gelditu dela adierazi dute.

Bildukoen arabera, EAJren oharrak bi irakurketa posible ditu: "Jeltzaleek ez dituzte diru partidak ezagutzen edo ezagutzen dituzte eta ez dute egia esan".

Eskumen falta

Unanuek eta Portillak azaldu dute "autokritikoak" direla, eta badakitela egindakoa ez dela nahikoa, baina "gainerako eragileekin elkarlana" eskatu dute. Udalak ekonomia sustapenean "eskumen gehiago" ez duela esan dute, eta "beste partida batzuetatik kendue eta dirua ekonomia sustatzera bideratzeko esfortzu handia" egiten ari direla azaldu dute. Halaber, EAJren esku dagoen Eusko Jaurlaritza non dagoen galdetu dute, eta Urola eskualderako Plan Industriala noizko egingo duten ere galdegin dute. Dena den, EAJk "ateak zabalik" dituela, eta "denok batera Azpeitia aurrera ateratzeko unea" dela adierazi dute.

Liberatuez

"Alkateak, lehendabizi, pilak jarri, eta bere taldeko bost zinegotzi liberatuei ere pilak jarri behar dizkiela" esan zuen EAJk oharrean. Horri erantzunez, "hamaika zinegotzi liberatu" ari direla lanean esan du Iñaki Portilla zinegotziak, eta hamaika zinegotzi horietatik 3,4 ari direla soldatapean lanean, "gure herria krisitik ateratzeko". Horrenbestez, "gezurrik ez esateko" eskatu dio EAJri.