'Euskararen arnasguneak' tailerraren lehen saioa izango da gaur

Uztarria.eus 2014ko mar. 6a, 14:25

Euskararen arnasguneak tailerraren lehen saioa izango da gaur, osteguna, 18:30ean hasita, Sindikatu Zaharrean. Azpeitiko hainbat euskaltzalek eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak elkarlanean antolatu dituzte jardunaldiok, eta "arnasguneek euskararen biziraupenean eta normalizazioa lortzeko lanean duten garrantziaz jabetzea eta horiek zaintzeko zein hedatzeko herritar taldeak aktibatzea da" egitasmoaren helburua.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "arnasguneek euskararen normalizazio prozesuan duten garrantziaren jabe izanik eta, aldi berean, gune geografiko euskaldunetan detektatu den distentsio eta kontzientziazio faltak sortutako kezkaz oharturik, arnasguneen tailerren bitartez, gune horietan eragiteko proposamena gauzatu du Kontseiluak Bertsozaleen Elkartea, EHE, EMUN, TOPAGUNEA eta UEMArekin elkarlanean".

Arnasguneek euskararen biziraupenean duten garrantziaz arituko dira gaurko tailerrean, eta herritar taldeak nola aktibatu ere aztertuko dute. Bi ordu inguruko bi lan-saio aurreikusi dituzte antolatzaileek: gaur egingo duten saioa eta martxoaren 13an egingo dutena. Bigarren saioa datorren ostegunean izango da, 18:30etik aurrera, Baigeran.

Azpeitia euskararen arnasgunea

"Euskara bere habian sentitzen den bilguneari deitzen zaio arnasgunea, inork xaxatu eta eraso gabe etxeko nagusi sentitzen garen eremuari. Hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusi den esparruak behar ditu", azaldu dute ekimenaren sustatzaileek.

"Azpeitian nagusi da euskara", diote. EUSTAT Euskal Estatistikako Erakundeak argitaratutako datuen arabera, 2011. urtean Azpeitiko biztanleen %83,64k zekien euskaraz. Kale erabilerari dagokionez, Azpeitiko Udalak hala eskatuta, Soziolinguistika Klusterrak egindako azterketaren arabera, 2009an biztanleek %86,1ak hitz egiten zuen euskaraz.

"Udalerri euskaldunetan biztanleen %70 baino gehiagok daki euskaraz. Aipatutako udalerriek osatzen dute euskararen arnasgunerik zabalena. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomutitateak, 70 udalerri euskaldun batzen ditu, eta elkarlanean, hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatzea dute xede", esan dute UEMAkoek. Azpeitiko Udalak 2008an hartu zuen Udalerri euskaldunen Mankomunitatera batzeko erabakia.

Euskararen arnasguneak tailerren inguruko informazio gehiago hemen.