'Zendoia' omenduko dute hilaren 23ko San Jose Trikiti Jaialdian

Uztarria.eus 2014ko mar. 13a, 14:06
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kide Eneritz Gorrotxategi eta Iosu Arrizabala 'Izer', Tomas Zubizarreta 'Zendoia' eta Udaleko kultura zinegotzi Imanol Amenabar.

Hilaren 23an, igandea, izango da jaialdia, 17:30ean hasita, Soreasu antzokian. Sarrerak salgai daude dagoeneko eta erreserbak ere egin daitezke. Azkoitiko Martirieta auzoko Tomas Zubizarreta Zendoia omenduko dute, "soinujole bezala duen ibilbideagatik eta pertsona bezala erakutsi duenagatik". 

Gerturatzen ari da San Jose Eguna, eta horrekin batera dator Trikiti Jaialdia. Aurten hilaren 23an, igandea, izango da Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatuta jaialdia. Bertan, Azkoitiko Martirieta auzoko Tomas Zubizarreta Zendoia omenduko dute, "soinujole bezala duen ibilbideagatik eta pertsona bezala erakutsi duenagatik". 

Zendoiak berak "pozez" hartu du omenaldia berarekin akordatu direlako, eta "erromerietan-eta ibilitako jendearekin akordatu" dela esan du. Trikitiaren munduko hastapenak hala gogoratzen ditu Zendoiak: "Osaba soinujolea nuen, eta neure kasa ikasi nuen soinua jotzen. Martitteko erromerian eta aritu nintzen hainbat urtean eta apaizarekin hainbat arazo izan genuen, agarraue jotzen hasi ginelako. Beste hainbat auzotan ere jotzen genuen, Aizpurutxon, Madariagan... eta horietan ez genuen arazorik izaten". 83 urte ditu Zendoiak, eta oraindik ere soinua pixka bat jotzen duela-eta, jaialdian piezaren bat edo beste joko duela jakinarazi du.

Iosu Arrizabalaga Izer Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariordeak laudorio hitzak izan ditu Zendoiarentzat: "Besteei erakutsi eta laguntzeko borondatea izan du beti. Ondo merezitako omenaldia du. Euskal Herriko auzo eta herri askotan hitz egin digute Zendoiari buruz, soinujole zein pertsona bezala".

Hilaren 23an, 17:30ean hasiko da jaialdia, Soreasu antzokian, eta bertan hurrengo trikitilariek hartuko dute parte:

  • Lurdes, Zabale eta Larrañaga: Lurdes Alkorta, Xabier Zabale eta Anjel Larrañaga.
  • Martittetarrak: Joxe Mari Arrizabalaga Sakristaua, Joakin Sudupe Egurrola, Luxiano-Porrue, Miguel Zubizarreta Zendoiaren anaia eta Jexux Alkorta Txato boskotea.
  • Aizpurutxo anaiak: Josu, Igor eta Xabier Etxaniz anaiak.
  • Itzeder, Egurrola eta Montte: Martittetarren bigarren belaunaldia.
  • Izer aita-semeak: Iosu eta Manuel Arrizabalaga .
  • Zumarragako Trikitixa: Miguel eta Kepa Urteaga eta Mikel Alustiza Urteaga. Zumarragako Trikitixa osatzen zutenen ondorengoak izango dira.
  • Epelde eta Landakanda: Tomas Soraluze Epelde eta Landakanda.

Sarrerak salgai daude dagoeneko Azpeitiko Pastorkua, Ametsa eta Mendizabal tabernetan, eta Azkoitiko Ixidro erretegian. Sarrerak erreserbatzeko aukera ere bada, eta erreserba egin nahi dutenek Trikitixa elkartera idatzi (trikitixa@trikitixa.net) edo 943 83 28 28, 669 363 492 edo 657 794 217 telefono zenbakira deitu beharko dute. Sarrera hamabi euro ordaindu beharko da, eta erreserba egiten dutenek jaialdiaren egunean, 16:00etatik 16:30era bitartean jaso beharko dituzte sarrerak Soreasuko lehiatilan. Bestalde, egunean bertan ere erosi ahal izango dira ikuskizunerako sarrerak, 16:00etatik aurrera, Soreasu antzokian.

Tomas Zubizarretarekin eta Iosu Arrizabalagarekin hitz egin du Urola Kostako Hitza-k, eta bideoan jaso ditu adierazpenak.