Dozenaka herritarrek eta langilek hartu dute parte pobreziaren kontrako martxan

Uztarria.eus 2014ko mar. 13a, 16:43

Gune plataformak deituta, oinezko martxa egin dute gaur, osteguna, dozenaka herritar eta langilek Azkoitia eta Azpeitia artean. Gune plataformak Hego Euskal Herrian abiatu duen mobilizazio sortaren barruan egin dute mobilizazioa, eta gizartean hazten doan pobrezia eta prekarietatea salatu dute. Eskualdeka ari dira egiten protestak, eta gaurkoa Urola Kosta mailakoa izan da, bailaran eramaten ari den "enplegu suntsiketa" salatzeko.

ELA eta LAB sindikatuek Urola Kosta pobreziak kolpatuta duela eta eramaten ari diren politikek miseria eragiten dutela salatu dute: "Izugarrizko une eta egun latzak igarotzen ari gara, baina zutik gaude eta zutik jarraituko dugu, beti". Egoera horren erakusle gisa azaldu dituzte martxan bat egin duten enpresetako langileak (Urola Erdian lan gatazketan dauden Corrugados, Grumal eta TS Fundicioneseko langileak batu dira protestan, besteak beste): "Horren adibide dira martxan parte hartu duten enpresen kasuak. Duintasun osoz ari dira borrokan, eta hain zuzen, duintasunaren eta herriaren alde elkartu gara oraingoan".

Sindikatuek gogor salatu dituzte Gobernuen neurriak, eta bestelako politikak garatzea exijitu diete agintariei: "Madrilen menpe gaude, eta honek onartzen dituen neurriak aurrera eramaten ditu Eusko Jaurlaritzak, guztiari men egiten diolako". Desobedientziarako deia egin diete Gobernuei, hala izan ezean, "triskantza" sortuko delako gizartean. Eta horrekin batera, "herri harresia sortu" eta "egoera irauli" beharra dagoela azpimarratu dute, aurrera eramaten diren "politika neoliberal eta suntsitzaileen aurrean".

"Herri honi beste aldarte, politika eta eskubide batzuk badaudela erakutsi" nahi dietela, eta egoera eta neurri ekonomikoen aurrean Gune plataformaren eta Eskubideen Karta Sozialaren bidez lanean jarraituko dutela berretsi dute "pobreziara eramaten gaituzten politika hauekin jarraitzen duten bitartean".

ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk, Hiruk, CNTk, CGTk eta dozenaka eragile sozialek osatzen dute Gune plataforma.

'Urola Kostako Hitza'-k martxaren bideoa egin du. Martxaren ondoren ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek adierazpenak egin dituzte. Hemen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=ijwFoOoORbM .