Loiolako berbenak

Uztarria.eus 2014ko mar. 14a, 11:38
Loiolako festen antolatzaileak soziedadeko mahaiaren bueltan.

Uztarria herri aldizkariaren martxoko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 159. zenbaki horretan Loiolako festen inguruan egindako erreportajea ekarri dugu hona. Hamarkada asko pasatu dira Loiolan sanjoseak ospatzen hasi zirenetik, eta asteburu honetan festa giroa izango da nagusi auzoan.

Asteazken gauero biltzen dira Loiolatxo elkartean, Loiola auzoko festak antolatzeaz arduratzen diren zortzi lagunak. Gehienek hartu dute kafea bilera hasterako, beteranoenek kafea bedeinkatzeko edariekin. Erdiak arregitarrak edo iturbidetarrak dira: Joxe Mari, Andoni, Iñigo eta Aitzol Arregi. Beste laurak, berriz, Inazio Egiguren, Aitor eta Unai Agirrezabal eta Ander Arzamendi. Garai bateko festez hitz egin behar dugula azaldutakoan, grabagailua Joxe Mari eta Andoniren aldean jarri dute segituan.

Hala hasi da Joxe Mari, antolatzaileetako beteranoena, duela bost hamarkadako festez hitz egiterakoan: "Jatorriz, antzerkiarekin hasi ginen. Jesuita gazteak zeuden, eta haien bidez antzerkia egiten hasi zen, lehenago ere egiten zen arren. Hiru bat urtean egin zen". Inguruko baserrietako gazteek parte hartzen zutela gogoratu da. "Gerora, garai bateko guatekeak egiten ziren. Lehengo Kiruriren atzeko aldean toka diskoa jarrita".
 
"Ondoren, festei beste indar bat eman behar zitzaiela erabaki zen elkartetik" jarraitu du. Antolatzaileei kosta egin zaie hori justu noiz izan zen adostea, eta airean gelditu da. Andoni Arregik eman du horren azalpena.
 
"Lehen-lehenago", hauek festak antolatzen hasi aurretik, Sanisidroak ospatzen ziren Loiolan. Hori guztiek ondo dakite. "Gero etenda egon zen, eta sanjosetan egiten hasi ziren", dio Joxe Marik. Egutegiko aldaketa horren zergatia galdetuta, Iñigo Arregi izan da erantzun duena. "Entzunda daukat, Madariagako festekin ez kointziditzeko zela". Aitor Agirrezabalek gehitu duenez, "Aratz Errekako festek ere garai hartan indar handia zuten". Joxe Marik, ordea, argi utzi du. "Gu behintzat sanjosetan hasi ginen". Andoniren esanetan, festen hasieratan, "kantaldia gehiago zen berbena baino". Joxe Marik amorru puntu txiki batekin jarraitu du: "Eta jakina, arazorik handiena eguraldiarena izaten zen. Dena aire librean, aterperik ere ez zegoen, ezta txikienik ere...". Kantaldien ondoren, erromeriarena hasi zela gehitu du: "Egan-en aurretik, estiloko taldeak ekartzen hasi ginen". 
 
"Erromeriak ez zuen indar handiegirik hasieran, baina Egan-en hasieratan izan zen, puri-purian jartzen hasi zenean. Loiolatxo atarian hasi ginen egiten". Baina Andonik azkar zehaztu du ez zegoela aterperik artean. Joxe Marik hala segi dio istorioari: "Orduan, erromeriak indarra hartu zuen, eta konturatu ginen jendetza etortzen zela eta merezi zuela. Gainera, Loiolatxo martxan zen ordurako".
 
Segidan hasi dira Loiolako festen urterik oparoenekin oroitzen, irribarre txikia gainetik kendu gabe. "Handik aurrera, toldoa inauguratu zen urtean, adibidez, zazpi berbena jartzera iritsi ginela gogoratzen dut. Zazpietan Egan izan genuen. Bi astebukaeratan, eta San Jose eguna zubi tokatu zen", esan du Andonik; Joxe Marik azkar galdetu dio: "Egun batean ez al gaude 2.000 sarrera salduta?". "Egan-ekin 2.000 sarrera saldu ziren bai", egiaztatu du besteak. "Abenida dena autoz beteta... boom-a zen orduan, jende asko izaten zen", dio Joxe Marik.

Antolaketa

Teilatua berritu beharra izan zuten Loiolatxo elkartean. Horretarako, Jesuitek dirua aurreratu zieten "hamar urtean itzultzeko konpromisoarekin", Iñigok gogorarazi duenez. "Gu gazteak ginela elkartetik hasi ginen lanean garai hartan". Joxe Marik baieztatu dio: "Bai, zuek orduan hasi zineten sartzen".
 
Behin teilatua konpondu eta hura ordaintzeko dirua bildu beharra izan zenean, festak antolatzearen ardura elkarteko juntan zeudenek hartu zuten, urtero. "Beraz, bazkideen artean banatzen ziren lanak: hi tabernan, hi sarreran, bestea zera...", dio Joxe Marik. Iñigok garbi utzi du noiz hasi zen antolaketa hori: "Teilatuarena izan zenean hasi zen hori guztia. Goiko teilatu hori, festetatik ordainduko diagu esan zenean". Andonik gaineratu duenez, "teilatua ordaindu beharra zegoenez, bazkide guztiek zuten parte hartzeko betebeharra". 

Dena ez da betiko

Hainbat arrazoi azaldu dituzte festen antolatzaileek duela bizpahiru hamarkada festek zeukaten indarraren galera azaltzeko. Iñigok hasi du azalpena: "Teilatuarena ordaindu zenean, hurrengo juntak esan zuen, iada ez dugu festarik antolatuko. Orduan zu hasi zinen (Joxe Mariri), eta gu laguntzen". Festetako komisioa "pixkanaka atzera eta atzera" egiten hasi zela oroitu da Joxe Mari. Hala ere, ordurako festak indarra galduta zeukatela oroitu dira guztiak hori entzun orduko. Ondo gogoratzen dira azkeneko kontzertuaz: "Joselu Anaiak", esan du Joxe Marik, segituan "inor ez" hitzak Aitzolek. Iñigo: "Eganek kale egin zuen, eta beraz, Joselu Anaiak ekarri genituen". Garai hartan, ohitura aldaketa ere izan zela gaineratu du Aitzolek. "Auzo festa denak galdu ziren". Iñigok azalpena osatu du: "Lehen izaten zen, Egan non dago?, eta Bizkaian jotzen bazuen, autoa hartu eta jendea hara joaten zen". Beraz, dena pare-parean tokatu zitzaien Loiolako festei. Hortaz, "orduan hasi ginen berbena laga eta oraingo formatu honekin", azaldu du Iñigok. Hori 1997 inguruan izan zen.
 
Orduan hasi ziren gaur egun finkatuta dagoen egitaraua aurrera ateratzen. "Asto karrera eta herri kirolak beti ospatu izan dira", esan du beteranoenak. "Orain, egunez egiten denak dauka indar gehiena; asto karrera, biatloia eta herri kirolak", azaldu du Ander Arzamendik. Musak indar handia daukala ere gogoratu du Aitorrek. Iñigok azaldu du, "gazteenak sartutakoan hasi zirela biatloia egiten". Mus txapelketa ere azkenengo urteetan ospatzen da, eta "indarra hartzen" ari dela gaineratu du Agirrezabalek.

Aurrera begira

Gaur egungo aurrekontua mantendu ahal izateko, "udaletxeak eta tabernariek ematen dutenaz aparte, boletoak saldu behar izaten ditugu", dio Iñigok. Boletoetan 1.000 euro ateratzen dituzte, eta horri esker berdintzen dute aurrekontua. Beraz, ez zaie "iristen" bestelako gauzak egin ahal izateko, Aitzolek azaldu duen bezala. Festen astebukaerako ibilerak ere kontatu dituzte amaitzeko. Aitor: "Astebukaeran, gu eguerdi partean asto karreran atera behar gara, bailak guk mugitu behar izaten ditugu eta, beraz, ezin ditugu boletoak saldu...". Giro txarrarekin izugarrizko galera egin daitekeela gogorarazi du Anderrek. "Hala ere, asto karrera bertan behera uzteko moduko eguraldirik ez du egin azken urteetan". 
 
Amaitzerakoan, mahaiaren bueltan dauden guztiak ados jarri dira festekin jarraitzeko gazteen beharra dagoela. Izan ere, Joxe Marik esan duenez, "orain arteko gazteenak ere zahartu egin zaizkigu eta [kar kar kar]".