San Josek festa dakar Loiolara

Urola Kostako Hitza 2014ko mar. 14a, 12:26

Ostiral honetan hasiko dira Loiolako festa batzordeak antolatutako jaiak, III. San Jose Mus Txapelketarekin. Xanadu kafetegian hasiko da 22:00etan izen-ematea, eta 22:30ean txapelketa bera. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko du parte hartzeko. Sariak izango dira lehen hiru bikote sailkatuentzat: lehenak 350 euro eta txapelak eskuratuko ditu; bigarrenak 150 euro eta txuletak eta hirugarrenak, 2 lagunentzako afari bat irabaziko du Kiruri jatetxean.

Mendi biatloia, larunbatean

Larunbat arratsaldean kirolzaleen txanda izango da, XIII. San Jose Mendi Biatloia jokatuko baitute. 16:30ean hasita, parte-hartzaileek mendi bizikletaz egin beharko dituzte ibilbidearen lehen 10 kilometroak, Loiola inguruetan diseinatutako 5 kilometroko ibilbideari bi itzuli emanez. Ondoren, bizikletak utzi eta 1.000 metroko ibilbideari 4 itzuli eman beharko dizkiote lasterka.
Parte hartu nahi dutenek 5 euro ordaindu beharko dituzte Loiolan bertan, 15:00etatik aurrera. Proba amaitzean Loiolatxo elkartean banatuko dituzte garaikurrak. Kirolarientzat bizikletak garbitzeko gunea prestatuko dute, eta merienda emango zaie elkartean bertan. Gainera, udal igerilekuan dutxatzeko aukera ere izango dute hala nahi duten lasterkariek.

Igandean egun osoko festa

Egunpasa polita egiteko aukera izango dute herritarrek igandean Loiolan. Goizean, 11:30etik aurrera zezen txikiak eta poniak izango dira etxeko txikienen gozamenerako. Ondoren, 13:00etan, Loiolako jaietako tradizio bilakatu den asto lasterketa jokatuko dute. Bazkalostean herri kirolentzako tartea izango da. Juan Joxe Unanue Goenatxo eta Aimar Irigoien harri-jasotzaileak ariko dira lanena, eta aizkoraz gozatzeko aukera ere izango da, Joxe Mari Olasagasti eta Xabier Orbegozo Arria V.-a ariko baitira nor baino nor.

EGITARAUA:

Martxoak 14, ostirala:

- 22:00etan III. San Jose Mus Txapelketa, Xanadu kafetegian.

Martxoak 15, larunbata:

- 16:30ean biatloia.
- 22:30ean erromeria Xanadun.

Martxoak 16, igandea:

- 11:30ean zezen txikiak eta poniak.
- 13:00etan asto lasterketa.
- 17:30ean herri kirolak. Harrijasotzaileak eta aizkolariak izango dira.

Martxoak 22, larunbata:

- 21:00etan auzo afaria egingo dute, Elustondo anai-arrebak trikitilariekin.