Giro ederrean ospatu dituzte Loiolako festak

Uztarria.eus 2014ko mar. 17a, 10:53

Mus txapelketarekin hasi ziren ostiralean Loiolako San Jose festak. Hainbat bikotek hartu zuen parte lehian, eta Juan Mari eta Iñigo nagusitu ziren. Aurreneko bikoteak 350 euro eta txapelak eskuratuko zituzten. Bigarren postuan Iñaki eta Juakin izan ziren, eta 150 euro eta txuletak irabazi zituzten. 'Pare' eta Patxik osatutako bikotea izan zen hirugarrena, eta Kiruri jatetxean bi lagunentzako afaria eskuratu zuten.

Zapatuan, berriz, duatloia izan zen Loiolan. Eneko Gurrutxaga amasarra izan zen azkarrena (0:36:53). Bigarren Joseba Albizu azpeitiarra (0:37:27) helmugaratu zen, eta Ander Zubizarreta azkoitiarra (0:38:23) izan zen hirugarrena. Orotara 39 kirolarik hartu zuten parte, bizikletan eta lasterka osatu beharreko lehian.

Igande goizena, urteroko legez, zezen txikiak eta poniak izan ziren Loiolako basilikaren aurrean. Ondoren, asto karrerak egin zituzten. Inaxio Arregi 'Exearreta' nagusitu zen 'Gurutz' astoarekin, eta 90 euroko diru-saria jaso zuen. Bigarrena Iñaki Arregi izan zen 'Txiki' astoarekin. Hirugarrena Olatz Egiguren izan zen, 'Barcina' astoarekin. Arratsaldean, berriz, herri kirolak izan ziren.

Festak ez dira oraindik amaitu. Izan ere, datorren ostiralean, hilak 21, auzo afaria eta erromeria egingo dituzte festei bukaera emateko. Hemen asteburuko Loiolako hainbat argazki.