Auzitegi Nazionalak Gallardoren alde egin du, Corrugados Azpeitia eta Lasaoren auzian

Uztarria.eus 2014ko mar. 18a, 17:50
Corrugadoseko langileek gurutzeak jarri zituzten herrian, protesta ekimenen baitan.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Alfonso Gallardo Taldearen aldeko epaia eman du Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileei ezarritako Lana Erregulatzeko Txostenaren inguruan. Epaiak dioenez, "kaleratzeak bidezkoak dira, horretarako arrazoi ekonomikoak, ekoizpenari dagozkionak eta antolaketari lotutakoak frogatuta daudelako, eta hartutako neurriak bat datoz arrazoitutako zergatiekin".

Espainiako Auzitegi Nazionalak Alfonso Gallardo Taldearen aldeko epaia eman du Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileei ezarritako Lana Erregulatzeko Txostenaren inguruan. Epaiak dioenez, "kaleratzeak bidezkoak dira, horretarako arrazoi ekonomikoak, ekoizpenari dagozkionak eta antolaketari lotutakoak frogatuta daudelako, eta hartutako neurriak bat datoz arrazoitutako zergatiekin".

Bere garaian EAEko epaitegiak ez bezala -Negoziatzeko prestutasunik ez izana egotzi zion Gallardori, 2012ko abenduan-, Auzitegi Nazionalak ebatzi du Gallardo taldeak, lege eta forma aldetik, betebeharrekoak zuzen bete dituela, eta "fede onez" negoziatu duela, "bizi zuen egoera larriaren barruan, ahal zuen eskaintza onena egin zuelako".

Corrugadoseko langileek errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Auzitegi Gorenean. Corrugados Azpeitia eta Lasaoko Enpresa Batzordeko kideek ohar bat kaleratu dute gaur eguerdian, eta epaiaren berri nola izan duten salatu dute. "Bart iluntzean jakin genuen Auzitegi Nazionalak enpresaren alde kaleratutako sententziaren berri, enpresako giza baliabideen arduradunak batzordeko kide bati egindako deia tarteko. Ordurako Espainiako komunikabideetan filtratuta zegoen dena gure harridurarako". Hori guztia "lotsagarria eta onartezina" dela esan dute: "Lotsagarria eta onartezina da gatazka honetan kaltetuena den alderdiak, langileok, honen berri nola jakin dugun. Hauek dira Espainiako 'ustezko' Justizia Gorenak erabiltzen dituen formak. Beste behin ere argi eta garbi gelditu da justiziaren aurrean denok ez garela berdinak".

Bi lantegietako enpresa batzordeko kideek azaldu dutenez, LAB eta ELA sindikatuetako arlo juridikoko kideak gaur goizean jasotako epaia aztertzen ari dira, eta azterketa horretatik aterako diren ondorioak datozen egunetan egingo duten agerraldi batean jakinaraziko dituzte.

Alfonso Gallardo Taldeak ere oharra bidali du hedabideetara, epaia jakin ostean. Oharrean azaldu duenez, "epaiak taldeko lantegi guztien berregituraketa bermatu du, eta hori pauso positiboa da taldeak martxan duen berfinantzazio prozesuarekin bukatzeko. Gainera, hartutako neurriak bat datoz zuzenbidearekin eta beharrezkoak ziren taldea mantentzeko".

Urtarrilaren 27an izan zen epaiketa Madrilen, eta Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileen ordezkariek epaiketa Madrilen egitearen arrazoia "hemen kontrako hiru epai jaso izana" dela salatu zuten: "Hara joan da pentsatuz hango epaileak bere alde errazago egingo duela. Madrilera eramatearekin, negoziaziorako esparru naturala deuseztu eta mobilizatzeko indarrak ahuldu nahi dituzte".

Iraungitze txostena tarteko, bi lantegietako 338 langile utzi zituzten lanik gabe abuztuan, eta Corrugados Azpeitia lantegia itxi zuen Gallardok. Gainera, Corrugados Lasao lantegiko 68 langileetatik 38 kaleratu zituen abuztuan bertan. Corrugados Azpeitia eta Lasao lantegiez gain, Extremadurako Jerez de los Caballeroseko Ferromallas eta Siderurgica Balboako beharginen kaleratzeak ere txosten berean sartu zituen Gallardok.