Grumal ere likidazio bidean jarri du Fagorrek

Berria.info, Uztarria.com 2014ko mar. 19a, 10:44

Mondragon taldeak Fagor Etxetresnak likidatzeko eskaera egin zuen atzo, Donostiako merkataritza arloko auzitegian. Hori dela-eta, Fagor Etxetresnen kooperatiben likidazioaz gain, Azpeitiko Grumal, Basauriko Edesa eta Proeik adarrena ere eskatu dute. Aste honetan bertan (ostiralean seguruenera) onartuko du eskaria epaileak, eta, horrekin batera emango du likidazio ebazpena.

Egina dago. Mondragon taldearen Fagor Etxetresnak ikurra likidatzeko eskaera jaso zuen atzo, asteartea, goizean Pedro Malagon epaileak, Donostiako merkataritza arloko auzitegian, enpresa zuzendaritzak hartzekodunekin itunak egitea ezinezkoa dela frogatu ondoren. Orain, epailearen esku dago eskaintzen fasearen hasiera noiz iritsiko den esatea. "Oso azkar izango da", esan dio Berria-ri prozesua barrutik ezagutzen duen eragile batek. Aste honetan bertan (ostiralean seguruenera) onartuko du eskaria epaileak, eta, horrekin batera, likidazio ebazpena eman, Fagor Etxetresnen kooperatiben likidazioa abiarazteko, eta baita Azpeitiko Grumal, Basauriko Edesa eta Proeik adarrena ere. Enpresaren zuzendaritza organoak desegin egingo ditu, eta orain arte haien zaintzaile izan diren konkurtso administratzaileek hartuko dute Fagor Etxetresnen erabateko kontrola.

Milaka langile eta bazkide zituen multinazionalaren aktibo ukigaien eta marken truke eskaintzak jasotzeko epea egun gutxian hasiko da, beraz, eta eskaintzaile horien artean Mondragon taldea egon daiteke, baldin eta etxetresna txikien adarrean jardunean ziharduen talde batek garatutako negozio plana ontzat ematen badu. Oraindik ez du erabaki. Malagonek likidazio ebazpena eman, eta "astebetera edo" likidazio plan zehatza eman beharko diote administratzaileek. "Oraindik prestatzen ari dira", esan diote egunkari honi Fagorren iturriek. Epaileak plana ontzat ematean hasiko da enkantea.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen ekonomikoko sailburuak presazko neurri gisa eskatu zien enpresako arduradunei likidazioa, joan den larunbatean. Fagorren aktibo batzuekin batera enpleguaren zati bat salbatzeko modu bakarra zela esan zuen, eta Cevital talde aljeriarrak Frantziako markengatik eta Frantziako zein Euskal Herriko aktibo batzuen truke egindako eskaintzaz gainera, bazirela beste batzuk esan zuen, "bat behintzat bai", zehaztu zuen.

Cata talde kataluniarrari erreparatzen ari zitzaion sailburua. Cataren interesa batik bat etxetresna txikien adarrean dago, Eskoriatzako lantegian. Eskoriatza da, izan ere, eskaintza gehien jaso dezakeen planta, likidazioan emaitza onak izan ditzakeen aukera argiena alegia.

Gehiago irakurtzeko egin klik hemen.