Gaurtik aurrera iritsiko dira Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartuko duten lasterkariak

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko mar. 19a, 11:38
Iazko maratoi erdiko irudi bat.

Eliteko korrikalariak gaur, asteazkena, bertan hasiko dira iristen bailarara. Bestalde, lasterketa dela eta, zapatuan, aldaketak izango dira Azpeitiko autobus geltokietan, 15:00etatik 19:00etara bitartean.

Xeye Ateltismo Taldeak antolatu duen Diego Garciaren oroimenezko XXI. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia iristear da. Zapatuan jokatuko da proba Azkoitia eta Azpeitia artean, eta antolatzaileen arabera, hasi da lasterketa giroa sumatzen Urola Erdian. Izan ere, eliteko korrikalariak gaur bertan hasiko dira iristen bailarara. Xeyekoek jakinarazi dutenez, hainbat lasterkari Parisen dira dagoeneko. Hala nola, Joshep Ebuya, Emmauel Bett, Edwin Kipsang, Freddy Sittuk eta Bornes Jepkirui.

Aurreko astean jakinarazi zituzten proban izango diren goi mailako korrikalari batzuen izenak eta, afrikarrei dagokienez aldaketarik ez badago ere, pixkanaka korrikalari gehiago ari dira batzen probara; Ivan Fernandez gasteiztarra eta Marta Tigabea etiopiarra gehitu dira zerrendara. Igandean, esaterako, Espainiako Kros Txapelketan hirugarren postuan sailkatu zen Fernandez, eta pasa den urteko laugarren postua hobetzera dator Marta.

Aurten Rafa Iglesias ez da txapelketan izango, hilaren 29an Munduko Maratoi Erdi Txapelketa jokatuko baitu Danimarkan, Espainiako selekzioarekin. "Nahiz eta gure artean ez izan, gustura gaude selekziora itzuli delako. Hurrengo urtean izango du aukera gurera itzultzeko", esan dute antolatzaileek. 

Iglesiasez gain, Azucena Diaz ere ez da Azkoitiko irteeran izango eta Moses Masai eta Thomas Ayeko Kenian geratu dira, "ez baitira maratoi erdi honetan lehiatzeko ondo ikusten". Ayeko zortzigarren sailkatu zen pasa den igandeko Afrikako Kros Txapelketan, eta bigarren ugandarra izan zen. Masai, berriz, zalantzan zen hasieratik eta Xeyekoek azaldu dutenez, "nahiago izan du Kenian geratzea".

Bihar, osteguna, iritsiko dira gainontzeko afrikarrak Azpeitira, eta Espainiako korrikalariak ostiralean bertaratu dira.

Aldaketak autobus geltokietan

Lasterketa dela eta, aldaketak izango dira Azpeitiko autobus geltokietan, 15:00etatik 19:00etara bitartean; anbulatorioko geltokian ez da autobusik geratuko, eta Julian Elorzako eta estazioko geltokiak saihesbidera, Tren Museoko oinezko zubiaren aurrera, lekualdatuko dira. Gainera, Loiolan ohiko lekuan geratu beharrean, hango tren geltoki zaharraren aurrean geratuko da. Igerilekuko geltokia, berriz, suhiltzaileen parke aurrera lekualdatuko dute.

Albistea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.