Joseba Usabiaga: "Niri benetan gertatutako kontuak dira, denak errealak"

Urola Kostako Hitza 2014ko mar. 20a, 11:18
Joseba Usabiaga aktoreak bakarrizketa eskainiko du. (Tolosaldeko Ataria)

Oroitza-penak bakarrizketa komikoa estreinatuko du aktore tolosarrak bihar iluntzean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Goenkale telesaila, Tximista pertsonaia, antzerkiko pasadizoak, Marca kirol egunkariko portada… Ikuskizun biografikoa atondu du Joseba Usabiaga (Tolosa, 1981) aktoreak, Oroitza-penak bakarrizketa barregarri bezain eroan. Bihar estreinatuko du Sanagustin kulturgunean, 23:00etan.

Oroitzak alde batetik, eta penak bestetik. Izenburuak nostalgiko samarra dirudi.

Hala dirudi, bai. Izenburua jarri nionean, nire asmoa oroipen onak kontatzea zen, baina baita penak ere. 32 urteko pertsona batek bere ibilbidean izan dituen gauza onak eta txarrak kontatu, alegia. Nire kasuan, pasadizo horiek ikuslearentzat ezagunak izango dira, baina, oro har, penak ez zaizkio jendeari gustatzen. Beraz, bederatzi istorio kontatzen baditut nire bizitzari buruz, zortzi onak dira eta bakarra izango litzateke tristea.

Argi eta garbi uzteko, barre egiteko ikuskizuna da hau, ez da hala?

Hala da, bai. Barre egiteko da, eta, gainera, nahiko eroa da. Abestu egiten dut, akordeoia jotzen dut, mozorrotu egiten naiz, argazkiak eta ikus-entzunezkoak proiektatzen ditut… Duela bi urte Gabino Diego aktorearen Una noche con Gabino ikuskizun autobiografikoa ikusi nuen, eta horren antzeko zerbait egiten saiatu naiz. Hark ere abestu egiten zuen, baina ez zuen irudirik erakusten. Jakina, bera aski ezaguna da, eta ez du halakorik behar. Nire kasuan, ordea, jendea hobeto kokatzeko, argazki edo bideo labur batekin laguntzen dut saioa.

30 urteko krisiak bultzatu al zaitu bakarrizketa egitera?

Inolaz ere ez. Beti izan dut bakarrizketa komiko bat egiteko gogoa; hau da, halako ikuskizun bat ikusten nuenean, gisa horretako zerbait gustura egingo nukeela pentsatu ohi nuen. Duela hilabete batzuk Txalo Produkzioak ekoizpen etxeari nire ideia aurkeztu nion, eta aurrera egiteko aukera eman zidaten. Azken finean, niri benetan gertatutako kontuak dira, denak errealak, eta nik uste dut jendearen gustukoak izango direla.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.