Corrugadoseko enpresa batzordeek epaiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko dute Auzitegi Gorenean

Uztarria.eus 2014ko mar. 20a, 14:27
Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileak plazan. (Olatz Prat)

Auzitegi Nazionalak asteartean emandako epaiari errekurtsoa jarriko diotela azaldu dute gaur, osteguna, Corrugados Azpeitia eta Lasao lantegietako enpresa batzordeetako ordezkariek, plazan egin duten agerraldian. Hurrengo egunetan administrazioekin "epaia baloratzeko" bilera erronda hasiko dutela jakinarazi dute.

Auzitegi Nazionalak asteartean emandako epaiaren harira, elkarretaratzea eta agerraldia egin dituzte gaur Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileek, plazan. Bi enpresetako batzordeetako kideek azaldu dutenez, "Sententzia gure kontrakoa izan den arren, ez ditu ate guztiak ixten", eta hurrengo egunetan epaiaren kontrako errekurtsoa Auzitegi Gorenean aurkeztuko dutela jakinarazi dute.

Espainiako Auzitegi Nazionala eta sententzia "erreformaz baliatzen" direla salatu dute: "Erreformak enpresariei nahi duten guztia egiteko ematen dizkien tresna guztiak erabili dira, gure lanpostuen kaltetan. Auzitegi Nazionalak Espainiako tresna homogenizatzaile bezala funtzionatzen du eta, horrenbestez, erreformaren aplikazioa eta, ondorioz, enpresarien erabakiak hartzeko unilateraltasuna bermatu ditu".

Lana Erregulatzeko Txostenaren helburu nagusia "erabakigunea Euskal Herritik kanpo bideratzea" izan dela berretsi dute: "Euskal Herrian burututako epaiketa guztietan, behin eta berriz, enpresak negoziatzeko duen borondate eza agerian gelditu da, eta hori gainditzeko eraman gaituzte Madrilera, Euskal Herrian sortutako presio sozialarengatik ihesi". Horrez gain, "gure herrian ez dago gure eskubide sozial eta laboralen galeraren inboluzio prozesu honetan, herri bezala istituzionalki aurre egingo dion inongo estrategiarik", azaldu dute.

Gallardo Taldea Corrugados Azpeitia eta Lasao lantegiekin "espekulatzen" ari dela esan dute, "langileak kalera botaz, lan zentroak irekita mantenduz, baina deskapitalizatuta". Hori dela-eta, "kontuan hartu behar dugu enpresak direla gure hondare sozial nagusiena, eta hori onartezina da. Are gutxiago, Euskal Herria eta Urola bailara bizitzen ari den desindustrializazio prozesuaren aurrean".

Ardurak

Corrugados Azpeitia eta Lasaoko Enpresa Batzordeen ustez bada "ardurak" bere gain hartu behar dituenik. "Administrazioek badute zer esana. Baina, Gallardori espekulatzen jarraitzea onartuko al diote? Gure bizitzarekin eta etorkizunarekin jolastea onartuko al diote?", esan dute.

Hurrengo egunetan "epaia baloratzeko" bilera erronda egingo dute administrazioekin, eta "beraien inplikazioa eta erabakiak hartzea exijituko diegu". "Bilera txandari hasiera emateko Eusko Jaurlaritzari dei egin nahi diogu, premiazko bilera bat egin dezagun eta argitu diezagun egoera guzti honen aurrean zer eskaintza edo alternatiba daukan Azpeitia eta Urola bailarako langileentzat".