Igarako errotan ate irekiak izango dira zapatuan eta igandean

Uztarria.eus 2014ko mar. 20a, 16:54

Ingurugiro Etxea museoak antolatu ditu Igarako errota ezagutzeko ate irekiak. Zapatuan, Uraren egunean, 16:00etan eta 17:00etan jarriko dute martxan errota, eta igandean, 12:00etan eta 13:00etan.

Igarako errota ezagutzeko ate irekiak antolatu ditu Azpeitiko Ingurugiro Etxea museoak, eta uraren eta energiaren arteko lotura nabarmentzea dute xede jardunaldiok. Igarako errota gune historikoa da. XVIII. mendeko eraikina da, eta uraren energiaren bidez mugitzen da. Egun, eraberrituta dago: heziketarako gela bihurtua eta edozein ikusle joateko prestatua.

Errota martxan ikusteko aukera izango dute zapatuan edota igandean bertaratzen direnek. Zapatuan, Uraren egunean, 16:00etan eta 17:00etan jarriko dute lanean, eta igandean, berriz, 12:00etan eta 13:00etan. Errota martxan ikusteko, ezarritako orduetan bertaratzea nahikoa da. Bisitak doanekoak izango dira.