Markel Mendizabal: "Ez da elkarbizitza arazo larririk ikusten herrian, baina beharrezkoa da gaia lantzea"

Uztarria.eus 2014ko mar. 21a, 11:27
Markel Mendizabal izango da mahai-inguruko moderatzailea.

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, ostirala, eta Elkar-ekin taldeak mahai-ingurua antolatu du herriko eragile ezberdinekin elkarlanean. Bertan izango dira herriko hiru ikastetxeak, osasun etxeko zuzendaria, Caritaseko kideak, Etorkizun egitasmoko langileak, Udal ordezkariak, Jauzikako hezitzaileak eta abar. Uztarria.com-ek Markel Mendizabal mahai-inguruaren moderatzailearekin hitz egin du.

Arrazakareriaren eta Xenofobiaren aurkako nazioarteko egunean izango da mahai-ingurua. 

Ez da kasualitatea ez. Egun horretan ospatzea mahai-ingurua egokia iruditu zitzaigun, daukan sinbologiaz gain, gai hau jorratzeko egokia delako.

Zein gai jorratuko dituzue mahai-inguruan?

Elkarbizitza eta kulturaniztasuna dira landuko diren gaiak. Herrian dagoen errealitatea da, eta abenduan martxan jarritako egitasmoak gai horiek jorratzeko asmoa izan du hasieratik.

Zein da mahai-inguruaren helburua?

Herritarrei hain gertu eta aldi berean hain urrun bizi duten errealitateari buruzko informazioa helaraztea da funtsa. Uste dugu horrek gaia herritarrengana iristen lagunduko duela, eta informazioa izanik, sortuko diren iritziak objetiboak izango direla.

Jatorri aniztasun handia dagoen herria al da gurea? Eta nolakoa da elkarbizitza?

Harridura sortu diguna da jendeak duen gogoa gai hauek lantzeko. Atzerritarrek eta herriko eragileek biek erakutsi digute gogoa esparru honetan gauzak egiteko. Oraindik diagnosi bat egiteko oso goiz bada ere, uste dugu zurrumurru ugari sortu direla, eta beharrezkoa dela erantzutea, ahal bada datuekin eta errealitate desberdinak islatuz. Gure herria ez da bereziki jatorri aniztasun handia duen herria, baina 40 nazionalitate baino gehiagoko jendea dago gure artean, eta ez da gutxi! Bestalde, ez da elkarbizitza arazo larririk ikusten herrian, baina beharrezkoa da gaia lantzea, etorkizunean arazorik ez izatea nahi badugu behintzat.

Zu moderatzaile lanetan ibiliko zara. Zeintzuk izango dira hizlariak?

Hamar dira guztira. Saiatu gara esparru desberdinetako jendea gonbidatzen. Horrela, hezkuntza, osasungintza eta elkartasun taldeetako kideak izango dira bertan. Gainera, Udaleko ordezkari bat ere izango da bertan. Bestalde, uste genuen ezinbestekoa zela etorkinek ere hitza izatea eta pare bat mahainguruan izango dira.

Harreman ugari egitea lortu duzuela esan duzue. Zein garrantzia du Elkar-ekinentzat harreman horiek gauzatzeak?

Garrantzia ikaragarria du. Horien parte hartzerik gabe ez lukete zentzu handirik izango gure egitasmoek.

Herriko eragile askoren babesa jaso duzue mahai-inguruari lotuta.

Guretzat bultzada handia da izandako erantzun positiboa. Horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko.

Beste ekimenik edo proiekturik ba al duzue eskuartean?

Hurrengo ekimen nagusia maiatzeko azken astean (maiatzaren 26tik 31ra) gauzatuko den elkarbizitzaren astea izango da. Azkoitiko eragileekin batera egitarau oso zabala ari gara osatzen. Horrekin kanpotarren eta herritarren arteko elkarbizitza hobetu nahi da. Denetarik egongo da aste horretan: literatura gaua, hitzaldiak, bazkaria...