Oihane Amenabar: "Edozein momentu aprobetxatzen dut idazteko"

Uztarria.eus 2014ko mar. 21a, 14:16
Oihane Amenabar.

Oihane Amenabar (Azpeitia, 1990) Filologia hispanikoko ikasketak bukatzen ari da Salamancan, eta idazteko duen afizioa tarteko (2011n literatur lehiaketa bat irabazi zuen Salamancan), bloga sortu zuen duela pare bat hilabete. Blogak "espero baino arrakasta handiagoa" izan duela dio azpeitiarrak, eta "oso gustura" dago izan duen harrerarekin. Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du.

Zein helbururekin sortu zenuen Y eso que te cuento... bloga?
 
Lehen literatur lehiaketetan parte hartzeko idazten nituen ipuinak, baina iritsi zen une bat lehiaketa interesgarririk aurkitzen ez nuena, nahiz eta idazteko ideiak banituen. Orduan ipuinak idatzi eta ingurukoei posta elektronikoz bidaltzen hasi nintzen, baina astuna egiten zitzaidan bidaltzen ibiltzea, eta bloga sortzea erabaki nuen. Esan daiteke jendeak nire ipuinak irakurri zitzan sortu nuela bloga.
 
Zertaz idazten duzu blogean?
 
Denetik idazten dut; genero beltza, maitasun istorioak, eguneroko gertaerei buruzko kontuak... Idazten dudana idazten dudala ere, istorioei ikuspuntu desberdin bat ematen saiatzen naiz.
 
Zertan inspiratzen zara idazterakoan?
 
Kalean ikusten dudanean, literatur klasetan irakasleak esaten duenean, telebistan azaltzen diren albisteetan... inspiratzen naiz. Eta, okurritutako zenbait ideiari tiraka ere asmatzen dut zenbait istorio. Hizkuntzaz gain, ikasketek lagundu didate idazteko dauden modu eta estrategia desberdinak ezagutzen. 
 
Zer moduzko harrera izan du blogak?
 
Espero baino harrera hobea izan du, egia esan. Bi hilabetean 2.000 bisita edukitzea ikaragarria da. Ez nuen uste horrenbeste irakurle edukiko nituenik, eta oraindik eta gutxiago gustokoak izango zituztenik nik idatzitako ipuinak. Baina, gehien harritu nauena izan da, atzerrian ere irakurtzen dutela nire bloga eta nire istorioak. Espainiaz gain, Estatu Batuetatik bisita ugari jasotzen ditut, eta baita Alemaniatik, Frantziatik edo Argentinatik ere.
 
Zein asmo dituzu aurrerantzean?
 
Idazten jarraitzea da nire asmoa. Gainera, ikasketak amaitutakoan gidoigintza ikasketak egin nahi nituzke, idazteaz gain, zinema eta telebista munduek asko erakartze naute eta.
 
Bloga sortzea gauza bat da, eta elikatzea bestea. Zaila al da jarraipena ematea?
 
Idazteko ideia asko eduki arren, nahiko zaila da jarraikortasuna izatea. Astero bitan edo hirutan idazten saiatzen naiz, baina aste batzuetan ez dut inspiraziorik izaten, ikasketekin tarterik ez dudalako edo denbora librerik ez dudalako. Hala ere, edozein momentu aprobetxatzen dut idazteko. Ezinbestekoa da idazten jarraitzea. Ez uztea.