'Azpeitibili' adin guztietan jarduera fisikoa sustatzeko

Uztarria.eus 2014ko mar. 21a, 16:09
Azpeitibili ekimenaren sustatzaileak. (Olatz Prat)

"Norbere mailan eta gaitasunen arabera, ibiltzeko ohitura hartzea" da helburua, eta horretarako, boluntarioen laguntzarekin, taldean oinez ibiltzeko aukera izango da martxoaren 27tik aurrera, astelehen eta ostegunetan. 10:00etan elkartuko dira oinez ibili nahi dutenak eta monitoreak udaletxeko arkupetan, eta 11:30era bitartean egingo dute paseoa. 

Azpeitiko Udaleko Kirol eta Gizarte Zerbitzuen sailek, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak, Osakidetzak eta paseoan ibiltzeko ohitura duten zenbait boluntariok elkarlanean, Azpeitibili ekimena jarri dute abian. "Jarduera fisikoaren sustapena biztanleriaren adin muga eta proiektu ezberdinen ardatz nagusi gisa garatzeko ardura hartu nahi dugu", azaldu dute ekimenaren sustatzaileek, eta "ariketa fisikoa egitea azpeitiarron ohitura bihurtu nahi" dutela esan dute: "Herritarrei dei egin nahi diegu norbanako aktibo izateko, bizimodu sedentarioa utzi eta kalera atera zein mugi daitezen".

Adin guztietako jendeari zuzenduta abiatu dute Azpeitibili. Hala nola, umeei, gazteei, gurasoei, helduei edo aiton-amonei. "Norbere mailan eta gaitasunen arabera, ibiltzeko ohitura hartzea" da helburua, eta horretarako, boluntarioen laguntzarekin, taldean oinez ibiltzeko aukera izango da martxoaren 27tik aurrera, astelehen eta ostegunetan. 10:00etan elkartuko dira oinez ibili nahi dutenak eta monitoreak udaletxeko arkupetan, eta 11:30era bitartean egingo dute paseoa. Eguraldi txarra eginez gero, estalitako instalazioetan egingo dute paseoa.

Azpeitibili zigilua

Ekimenean parte hartzen dutenek txartel bat eskuratuko dute, eta hala nahi dutenek parte-hartzea jarraitzeko aukera izango dute txar horren bidez. Zilgiluak egingo dituzte txartel horretan, eta sendagileek ere txartel hori kontuan hartuko dute.

Gainera, lau ibilbideen planoak eta telefonoak eskuragarri jarriko dituzte herriko hainbat gunetan. Informazio gehiago behar duenak, Kirol sailera (943 15 00 95), Gizarte Zerbitzuen sailera (943 15 71 92) edo Azpeitiko anbulatoriora (943 02 54 00) deitu dezakete.