Beñat Intxauspe Hazparneko alkate berriz ere

Uztarria.eus 2014ko mar. 24a, 10:59

Botoen %76,4 lortu zuen atzo (igandea) udal hauteskundeetan, eta ez da bigarren itzulirik izango gehiengo osoa lortu du-eta.

Beñat Intxauspe da Hazparneko (Lapurdi) alkate berria, atzo (igandea) hauteskundetako lehen itzulian bozken %76,4 lortuta. Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80ko hamarkadatik.

Bi hautagai zeuden Hazparneko udal bozetan: Intxauspe (Unis Pour Hasparren) eta Martine Etxezaharreta (Herritarrekin). Hazparneko parte-hartzea %77,3koa izan zen. Intxauspek botoen %76,4 lortu du (2.399 boto) eta Etxezaharretak %23,6 (742). Intxauspek gehiengo osoa lortu duenez, ez da bigarren itzulirik izango.

Intxauspe 2004tik Hazparneko kantonamenduko kontseilari orokorra da (Donamartiri, Donostiri, Lekorne, Lekuine, Makea, Meaine eta Hazparnek osatzen dute bailara), eta 2008tik Hazparneko alkatea.