Trikiti doinuz omendu dute 'Zendoia'

Uztarria.eus 2014ko mar. 24a, 12:11

Jendez lepo bete zen atzo, igandea, Soreasu antzokia, San Jose Trikiti Jaialdian. Sarrerarik gabe ere gelditu zen jendea. Tomas Zubizarreta 'Zendoia' omendu zuten jaialdian, eta Zendoia bera ere animatu zen pieza parea jotzera, jaialdiaren aurkezpen prentsaurrekoan aurreratu zuen moduan.

Soinujole eta panderojole zahar nahiz gazte, jende ugari izan zen Soreasuko oholtzan; Lurdes Alkorta, Xabier Zabale eta Anjel Larrañaga, Joxe Mari Arrizabalaga 'Sakristaua', Joakin Sudupe 'Egurrola', Luxiano-Porrue, Miguel Zubizarreta Zendoiaren anaia eta Jexux Alkorta 'Txato' boskotea, Josu, Igor eta Xabier Etxaniz anaiak, Itzeder, Egurrola eta Montte (Martittetarren bigarren belaunaldia), Iosu eta Manuel Arrizabalaga aita-semeak, Miguel eta Kepa Urteaga eta Mikel Alustiza Urteaga (Zumarragako Trikitixa) eta Tomas Soraluze 'Epelde' eta Landakanda.

Laxaro Azkunek gidatu zuen jaialdia, eta jaialdiaren bukaeran omendu zuten Zendoia, eta txapela jarri zion Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko ordezkari batek. Bere emaztea ere igo zen oholtzara, eta lore sorta eman zioten txalo artean. Jaialdiaren bukaeran emanaldian parte hartu zuten guztiek pieza bat jo zuten.