Pasaiako segada argitzeko eskatu dute, 30. urteurrenean

Urola Kostako Hitza 2014ko mar. 24a, 13:06

Hogeita hamar urte bete dira Espainiako poliziak Pasaian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituenetik, tartean Dionisio Aizpuru 'Kurro' eta Pedro Mari Isart 'Pelitxo' azpeitiarrak. Auziak argitu gabe jarraitzen duela gogoratu dute haien senide, lagun eta herritarrek, eta erantzukizunak exijitu dituzte Azpeitian egindako ekitaldian: "Pasaian gertatu zena salatzeko eta argitzeko lanean jarraitzeko prest gaude, haiek hori eta askoz ere gehiago merezi dutelako".

Larunbatean egin zuten ekitaldia Azpeitiko Frontoi Txikin, eta 250 bat lagun elkartu ziren bertan. Kurro eta Pelitxon biografia eta Pasaiako segadaren nondik norakoak azaldu ostean, Aritz Etxeberria 'Ministro'-k bertsoak bota zituen. Lepoan hartu eta segi aurrera abestia kantatuz amaitu zuten ekitaldia.

Larunbateko ekitaldiaz gain, joan zen aste osoan zehar gertaeraren inguruko erakusketa egon zen Betharrametan, senide eta lagunek antolatuta. Ostiral gauean 113 suziri bota zituzten, lau hildakoek jasotako balak beste.