Azpeitiar presoek ere Euskal Herrira ekartzeko eskaerak aurkeztuko dituzte

Uztarria.com, Berria.info 2014ko mar. 25a, 12:50

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) hasita dago presoak Euskal Herriratzeko eskaerak formalki egiten. Egun lau azpeitiar preso daude Espainiako eta Frantziako espetxeetan preso, eta horiek ere kartzelan daramaten denboraren arabera, espetxez leku aldatzeko eskariak aurkeztuko dituzte, banan-banan.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) hasita dago presoak Euskal Herriratzeko eskaerak formalki egiten. Joan den astelehenean hasi zen eskaerok egiten eta ekainean bukatuko du. Espainiako kartzeletan dauden presoek Arabako Zaballa espetxera eramatea eskatuko dute, eta Frantzian daudenek, berriz, etxetik gertuen daudenera.

Preso bakoitza banan-banan ari da eskaerak egiten, eta premien araberako sailkapena egin dute. Horrenbestez, multzotan banatu dituzte proposamenak egiteko epeak. Osasun arazoak dituzten presoek egin dituzte aurreneko eskaerak, "egoera larrienei irtenbidea berehala ematea premiazkoa dela eta, gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak". 70 urtetik gora dituztenek ere ari dira eskaerak egiten. Gainera, espetxea eta preso horien osasuna bateragarriak ez direla argudiatuta, berehala askatzeko eskaera ere egin dute.

Gainontzeko presoek espetxean daramaten denboraren arabera egingo dituzte eskaerak. Hori dela eta, kartzelan denbora gehien dutenek (hogei urte baino gehiago) abiatuko dute eskaeren bigarren txanda, apirilean. Horiez gain, EPPKren zuzendaritzako hogei kideek ere horiekin batera eskatuko dute Euskal Herriaratzea eta espetxe berean egotea, "guztien artean hausnartu, eztabaidatu, eta egin beharreko urratsak adostu ahal izateko".

Lehen bi multzo horien ostean, hamabost egunetik behin hartuko dute lekukoa gainontzeko presoek, kartzelan daramaten denboraren arabera antolatuta. 

Egun lau azpeitiar daude preso Espainiako eta Frantziako espetxeetan, eta horiek maiatzaren lehen hamabostaldian hasiko dira eskaerekin.

Gotzon Aranburu: 2002ko abenduan atxilotu zuten, eta egun Alacanteko Villena (Herrialde Katalanak) espetxean dago preso. Laugarren txandan (hamar eta hamabost urte bitartean preso daramatenak), maiatzaren lehen hamabostaldian, eskatuko du kartzela aldaketa Aranburuk. 

Jabi Agirre: 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta egun Sevilla II presondegian dago. Honek ere laugarren txandan (hamar eta hamabost urte bitartean preso daramatenak), maiatzeko lehen hamabostaldian, eskatuko du Zaballako kartzelara eramatea.

Joseba Segurola Xegu: 2005eko martxotik dago preso, eta Lannemezan (Frantzia) espetxean dago. Presondegian bost eta hamar urte bitartean daramatenen multzoan egingo du eskaria, maiatzaren erditik aurrera, hamabost eguneko epean.

Josu Urbieta Pow: 2010eko ekainetik dago preso, eta La Sante (Frantzia) kartzelan dago. Azken txandan eskatuko du leku aldatzea, kartzelan bost urtetik behera egin dituztenekin batera. Ekaina hastearekin eskatuko dituzte idazkiak.