Eneko Bidegain: "Ipar Euskal Herriaren erronketako bat da ezagupen instituzionala lortzea"

Uztarria.eus 2014ko mar. 26a, 11:27
Eneko Bidegainek Ipar Euskal Herriko egoeraz eta erronkez hitz egingo du gaurko hitzaldian. (Euskal Kultur Erakundea)

Eneko Bidegainek (Baiona, Lapurdi 1975) hitzaldia eskainiko du gaur, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. Gure Esku Dago dinamikak antolatutako hitzaldi ziklokoko azken solasaldia izango da. Ipar Euskal Herriako gaurko egoeraz eta erronkez hitz egingo du Bidegainek, 19:00etatik aurrera, eta Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du.

Zein da Ipar Euskal Herriko egoera egun?

Laburbiltzeko, Ipar Euskal Herriaren egoera da ez daukala inolako ezagupen edo aitorpen instituzionalik. Ipar Euskal Herria administratiboki ez da existitzen. Eman izan zaizkio hainbat egitura, ez direnak benetakoak. Garapen Kontseilua izeneko egitura, esaterako. Garapen Kontseilu hori gogoeta taldea da ezer baino gehiago, eta ez dauka ez aurrekontu ez eskumenik. 30 urte hauetan edo gehiagotan aldarrikatu da Euska Departamendua edo Autonomia Estatutua, baina Frantziak inoiz ez du eman. Ematen zuen zerbait, itxurak egiteko, baina sasi egiturak dira, ez dutelako inolako botererik.

Beraz, Hego Euskal Herriak baino eskumen gutxiago duzue.

Bai. Batetik, hemen ez dago erakunde administratiborik, ez diputazio eta ez autonomia erkidegoaren mailako ezer. Gainera, eskala txikieneko erakundea, Pirinio Atlantikoko Departamendua, da, eta Ipar Euskal Herriak departamendu horren lurraldearen herena hartzen du.

Departamendu horren eskumenak ere txikiagoak dira Hegoaldeko hiru foru aldundietako baten eskumenekin alderatuta. Hurrengo erakundea da Akitaniako Erregioa. Euskal Autonomia Erkidegoaren parekoa da, eta hainbat departamentuk osatzen du. Erregio horrek ere Euskal Autonomia Erkidegoak baino aurrekontu txikiagoa eta eskumen gutxiago ditu.

Ipar Euskal Herriaren egoera da, Frantziako estatuak dituela eskumen pila bat bere baitan zentralizatuta.

Frantziako udal hauteskundeen lehen itzulia izan zen joan den asteburuan. Ipar Euskal Herriari dagokionez, zer balorazio egiten duzu?

Azterketa sakona egin beharko litzateke, baina esan daiteke abertzaleek emaitza onak lortu dituztela herri txikietan eta herri ez hain txikietan. Kasu batzutan argi da udal mailan abertzaleek egin duten lanaren emaitza dela. Uztaritze izan da ikusgarriena, abertzaleek bozken %40 lortu dutelako. Hori da urtez urte egindako lanaren emaitza. Beste herri askotan bizpahiru zerrenda soilik zeuden, eta horrek ere bere azalpena dauka.

Baionako emaitzak-eta begiratzen baditut, balorazio negatiboagoa egiten dut. 50 urtez existitzen da abertzale mugimendua, eta ez du gehiengo zabala lortu. %10 soilik eskuratu dute Baionan, eta ez da asko hainbeste urteren buruan. Baikorrak dira zenbait herritan, eta ez hain baikorrak beste hainbat tokitan.

Iparraldean ba al da erabakitzeko eskubidearen inguruko mugimendurik?

Iparraldean dagoen mugimendua da erakunde propio baten aldekoa. Hala nola, Lurralde Elkargoaren aldekoa. Gehiengo zabal batek, herritarrek eta politikariek, hori eskatzen dute. Baina, ez dute eskatzen erabakitzeko eskubidea, eskatzen dute erakunde hori ematea. Ez herritarrei galdetzea nahi duten ala ez. Hori da egungo aldarrikapena.

Zeintzuk dira Ipar Euskal Herriak dituen erronkak?

Galdera horren erantzuna gaurko hitzaldian garatuko dut, baina zerbait aurreratuko dut. Erronketako bat da aitorpen instituzional hori lortzea, eta bigarrena da ez itxarotea Frantziak zerbait eman arte, eta sortzea zubiak eta eraikitzea tresnak, Hego Euskal Herriarekin batera, 1998an hasi zen nazio eraikuntzaren dinamika berreskuratzeko.