Aniztasuna, aberatsa delako

Urola Kostako Hitza 2014ko mar. 27a, 14:21
Ostiralean jatorri aniztasunari eta elkarbizitzari buruz Sindikatu Zaharrean egindako mahai-ingurua. 50 lagun inguru elkartu zen bertan. (Nerea Uranga)

Gaia gizarteratu eta herritarren eta eragileen iritzia bildu asmoz, jatorri aniztasunari eta bizikidetzari buruzko mahai ingurua egin du Elkar-ekinek; atzerritar bat herrira iritsi eta segituko duen bideari jarraituz egin du.

Atzerritik Azpeitira bizitzera etorri, eta pertsona batek jarraituko lukeen bidea segitu zuten ostiralean Elkar-ekinek Azpeitiko Sindikatu Zaharrean antolatutako mahai inguruan: udaletxea, Caritas, hezkuntza, osasuna eta aisialdia. 50 lagun inguru bildu ziren, jatorri aniztasunari eta elkarbizitzari buruzko saioan. Gaia gizarteratzeko eta herritarren eta eragile desberdinekoen iritzia jasotzeko helburuarekin egin dute, Elkar-ekineko Markel Mendizabalek azaldu duenez.

Kanpotik datorren batek aurrena jotzen duen atea udaletxearena izaten da. Leire Etxaniz Azpeitiko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak iazko abendura arteko datuak eman zituen. "Ez dugu bereizten jatorria, guretzat denak pertsonak dira. Baina, krisia eta gero, kalean hainbat zurrumurru dabil, esanez laguntza dena etorkinei ematen zaiela". Datuak eman ditu Etxanizek, errealitatea bestelakoa dela erakusteko.

2013ko bukaeran, Azpeitian 1.026 pertsona ziren Espainia ez beste herrialde batzuetatik etorritakoak; gehienak Europatik kanpokoak. Azken urtean, atzerritik etorritako 200 pertsona  erroldatu dira Azpeitian. Lehen Espainiako estatuan diru laguntza bat ematen zen, eta baita Euskal Herrian ere. Laguntza hori jasotzeko, urtebetez erroldatuta egotea eskatzen zuten; baina, laguntza hori jasotzen hasi aurretik, sei hilabetera Gizarte Larrialdietarako Laguntza (GLL) jaso zitekeen. Ordea, murrizketa batzuk ezarri zituen Espainiako Gobernuak, eta laguntza kobratzen hasteko hiru urtez erroldatuta egon behar da; ondorioz, GLL bi urte eta erdira atzeratu dute. "Ordea, Gipuzkoan laguntza hori sei hilabeteko epean mantendu da. Jendeak badaki hori, eta etorkin kopurua Gipuzkoan hazten ari da", esan du udalekoak. Azpeitiko Udalak beharrean dauden herritarrentzako laguntzak ere baditu, araututa.

Zinegotziak nabarmendu du udala hainbat sailetatik jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzeko lanean ari dela. Adibide bezala, Parekidetasunetik egiten ari direna jarri du. Euskara ikasi nahi, baina "lan baldintza gogorrengatik" edo ordutegiagatik ezin dutenentzako aukera dago Emakumeen Txokoan. Hirugarren ikasturtea dute oraingoa, eta Marian Agirre aritzen da boluntario irakasle. "Gaur egun zortzi emakume dabiltza: bost marakoar, portugaldar bat eta espainiar bat. Sinbolikoa da, ordubetez astean behin elkartzen baikara. Asko haur eta guzti datoz", dio Agirrek. Parte hartzen dutenak "gustura" daude, eta "aberasgarria" egiten zaie. "Herrian integratzea nahi badute, euskaraz ikasteak garrantzia dauka, eta hori azpimarratzen diet", nabarmendu du Agirrek.

Erreportaje guztia Urola Kostako Hitza-ren webgunean.