Topaketa mediko-gastronomikoak egingo dituzte gaur

Uztarria.eus 2014ko mar. 27a, 18:47
Topaketa mediko-gastronomikoak jasoko ditu Azpeitiko jubilatuen egoitzak gaur, astelehena, Koloneko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko egunean. Nazioarteko Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatu du ekimena.

Datua esanguratsua da: Koloneko minbizia da EAEko biztanleei gehien eragiten dien gaitza, %14,6ak pairatzen du. Hala jakinarazi dute Nazioarteko Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak. "Gizonezkoetan prostatakoa nagusitzen da, eta emakumeen artean, bularrekoa. Kasu bietan, kolonekoa da gehien agertzen den minbizia, baina gizartea osotasunean hartuz gero, gaixo gehien dituena da". Gaur, astelehena, Koloneko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko eguna dela eta, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak topaketa mediko-gastronomikoak antolatu ditu. Ekimena hirugarrengoz antolatu dute aurten, eta Baigeran egingo dute jardunaldia, 18:30ean hasita.

Koloneko minbizia izango dute hizpide, hain justu. Isabel Portillo koloneko bahetze programaren koordinatzaileak, esaterako, koloneko minbiziaren prebentzioaren inguruan hitz egingo du. Saioa gidatzeko ardura izango du Maider Sierra psiko-onkologak eta Gipuzkoako AECC Prebentzio arloko arduradunak.

Antolatzaileek diotenez, "desmitifikatu egin behar dugu koloneko minbizia gizonei eragiten dien gaitza dela. Beharrezkoa da gaixotasunaren jatorriak ezagutu eta gure osasunaz arduratzea. Hori da topaketa mediko-gastronomikoen funtsa: janaria prestatzeko orduan eduki beharreko pauta osasuntsuak eta eguneko dieta zaintzea beharrezkoak dira". Horretan sakondu asmoz, partaideen artean bereizgarri horiek jasotzen dituen menu berezi bat prestatuko dute, azpeitiar sukaldari baten laguntzarekin. "Ikerkuntza eta prebentzioa dira minbizia sendatzeko giltza", azpimarratu dute.

Aurreko bi edizioetan arrakasta handia izan dute Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatutako ekimenek; 1.100 lagunetik gora bildu dituzte bien artean. Azpeitiko saioan parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa da. Izena emateko Donostiako Minbiziaren Aurkako Elkartera deitu behar da, 943-45 77 22 telefonora. Parte hartzea doakoa da.