Partaidetzazko Aurrekontuen bilerak egingo dituzte bihar eta etzi

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko api. 1a, 13:07

Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz eskualdeko herritarren esku utzitako 500.000 euroak erabiltzeko zazpi egitasmo lehenetsi zituzten, eta egitasmo horien inguruko bilerak izango dira. Biharko bileran Urola Erdiko historia berreskuratzeko proiektuaren inguruan jardungo dute eta osteguneko bilera, berriz, oroimen historikoaren ingurukoa izango da.

Urola Erdiko biztanleek eta udalek Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuan parte hartu zuten iaz. Prozesu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdeko herritarren esku utzitako 500.000 euroak erabiltzeko zazpi egitasmo lehenetsi zituzten. Egitasmo horiek aurten gauzatuko dira, eta herritarrek hala eskatuta, prozesuaren jarraipenean parte hartuko dute. Horretarako, jarraipen batzordeak osatuko dira, eta egitasmo horietako batzuk nola gauzatuko diren erabakitzeko lehen bilerak lotuta daude.

Bilera horietako bi aste honetan izango dira, Azpeitian. Lehena bihar, asteazkena, izango da, eskualdeko historia berreskuratu eta balioan jartzeko plangintzaren inguruan jardungo dute. Bestea etzi, osteguna, egingo dute, eta oroimen historikoa lantzeko egitasmoaren ingurukoa izango da. Biak Azpeitiko udaletxeko pleno aretoan izango dira, 18:00etan hasita.