Azpeitiko Udala ohartarazi dute, kontratazioetan hizkuntz irizpideak eskatzeagatik

Uztarria.eus 2014ko api. 1a, 16:15

Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udalek jasko zuten moduan, Azpeitiko Udalari ere iritsi zaio Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijoren ohartarazpena, kontratazioetan hizkuntza irizpideak eskatzeagatik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako eta Bizkaiko 37 udalen gisan, Azpeitikoak ere jaso du Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok bidalitako ohartarazpena, kontratazioetan hizkuntza irizpideak eskatzeagatik.

Kontseiluak Uztarria.com-i bidali dio agiria. Urtarrilaren 8ko data du Urkijok Azpeitiko Udalari bidalitako ohartarazpenak, eta urtarrilaren 13an sartu zen ohartarazpena Azpeitiko Udaleko erregistroan. Jakinarazpenak dioenez, "legearen kontrakoak" dira irizpideak, eta "beharrezkoak diren ekintza guztiak erabiliko ditu", kontratazioetan euskara eskatu dutelako. Urkijoren arabera, "ez dagokio udalari euskararen eta kontratazio publikoen inguruko neurriak hartzea, ez duelako horretarako eskumenik". Horrez gain, 20 eguneko epean irizpide horiek jasotzen diren dokumentuaren kopia bidaltzeko eskatzen du ohartarazpenean Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak, eta hala ez bada "legea betetzen dela bermatzeko neurri guztiak" hartuko dituela dio.

Martxoaren 18an Gipuzkoako hainbat udal ordezkarik egin zuten agerraldia Donostian, kontratazioetako hizkuntza irizpideen aurkako "erasoari" erantzun eta hizkuntza irizpideak erabakitzeko "askatasuna" eskatzeko asmoz. Kontseiluak, berriz, joan den martxoaren 20an salatu zuen Urkijo udalak "susmopean" jarri nahian ari zela.

2012an abiatu zuten Proiektu Elkartuak egitasmoa Gipuzkoako udal gehienek, Uemak eta aldundiak. Udal administrazioek euskara normalizaziorako pausuak egin zitzaten, ideia horretatik abiatuta sortu zuten udalekin egitasmoa, udaleko administrazio kontratuetan hizkuntza irizpideak modu bateratuan ezartzeko.