Badator Gazte Astea

Uztarria.eus 2014ko api. 2a, 11:00

Datorren astelehenean, apirilak 7, hasi eta apirilaren 13an, igandea, bukatuko da 2014ko Gazte Astea. Ekimen sorta antolatu du egunotarako Azpeitiko Gaztetxeak, eta besteak beste, hitzaldiak, solasaldiak, bertso trama, kalejirak, kontzertuak eta dokumental emanaldia izango dira.

Astelehean, 17:00etan, kalejira egingo dute Sanjuandegitik abiatuta, eta plazara iristean botako dute txupinazoa. Gero, 18:30ean, Salhaketa elkarteko kideek Zigorrean oinarritutako politikei alternatiba bat garatzeko mugimendu baten eraikuntza dokumentua aurkeztuko dute Gaztetxean.

Asteartean, berriz, memoria historikoaren inguruko solasaldia (18:30) izango da, CNT sindikatuko kideen eta Eusko Lurrak fundazioko kideen eskutik. Asteazkenean komunikabideek gizartean duten eragina aztertuko dute 18:30etik aurrera, El Diario Vasco egunkaria adibide gisa erabilita. Aimar Uribesalgo izango da hizlaria, eta "egunkari horren sorreran, atzean nor dagoen, zeintzuk diren horien interesak eta Euskal Herriaren nondik norakoak maneiatzeko duten botereaz" jardungo dute. Ondoren, mokadutxoa egin eta Erniarraitzeko bertsolari gazteen bertso trama izango da, 21:00etan hasita.

Ostegunean Donostiako Okupazio Bulegoko kideek hitzaldia eskainiko dute, 18:30etik aurrera. Okupazioaren historiaz-eta jardungo dute bertan. 

Ostiralean sahieski jana egingo dute, 20:00etan hasita, Sanagustinpean (udaletxe azpian), eta ondoren parodia izango da bertan, "Azpeitian azken urtean gertatutako kontuen errepasoa eginez".

Egun osoko egitaraua prestatu dute zapaturako. Eguerdian bazkaria egingo dute Gaztetxean, eta arratsaldean kalejira aldarrikatzailea izango da kalez kale. Gauean, berriz, Boltaia eta Goragale taldeen kontzertuak izango dira Gaztetxean.

Igandean bukatuko da Gazte Astea, baina bukaera eman aurretik Nire bizitza osoa espetxean dokumentala eskainiko dute Gaztetxean, 18:30ean.

Gazteek izango dute, beraz, zer gozatua eta zer egina zazpi egun horietan.