Nekane Jurado: "Arriskuetan soilik pentsa dezagun nahi du merkatuak"

Urola Kostako Hitza 2014ko api. 2a, 12:20

Azpeitiko Elkar-ekin mugimenduak gonbidatuta, desobedientzia ekonomikoa eta harreman ekonomiko berrien inguruan ariko da gaur, asteazkena, Sanagustin kulturgunean, 19:00etatik aurrera.

Ekonomista marxista eta psikologoa da Nekane Jurado (Pont de Suert, Lleida, Katalunia, 1958). 1988tik ezker abertzalearen Sozioekonomia Arlo Nazioalean aritu da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailean egiten du lan duela hogeita bost urte baino gehiagotik. Artikulu eta lan ugari idatzi ditu. Independencia. De reivindicación histórica a necesidad económica (Txalaparta, 2010) da idatzi duen azken liburua. Urola Kostako Hitza-k Juradorekin hitz egin du.

Kapitalismoari intsumisioa,  diozu. Ba al da gaur egun sistema alternatibo egingarririk?

Bai, guk dioguna da kapitalismoaren eredua bizitza suntsitzen ari dela, maila guztietan, amalurraren lehengaiak eta lehengai orokorrak ez ezik, baita gure seme-alaben belaunaldietako bizitza ere. Itxaropen guztiak agortzen ditu, eskaintzen duen guztia gero eta esklabotza handiagoa duen merkatu batean sartzea baita.

Zer egin hori saihesteko?

Benetan ditugun oinarrizko beharrak zeintzuk diren pentsatu behar dugu, eta ikusi ea behar horiek eredu kolektibista batekin ase ditzakegun. Galdera bat dago airean: zergatik ari da gero eta jende gehiago bere buruaz beste egiten langabezian egoteagatik? Ideologikoki enplegatu izatea merkatuak zu erabiltzea da, Marxek zioen bezala, hortik dator gainbalioa. Gogaitzen ari gara merkatuak ez gaituelako erabiltzen. Iturgina zarenean eta iturgin bezala kontratatzen ez zaituztenean, zure identitatea galtzen duzu, iturgina zinela uste baitzenuen. Baina, sakonean, merkatuak jartzen dizkigun etiketak baino gehiago gara eta, enpresariak erabili ez arren, sormenezko kapitala eta giza kapitala badugula ohartu behar dugu. Gero ikusi behar dugu nola jarri kapital hori kolektibitatearen esku eta nola aseko dituen hark gure benetako beharrak.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.