Argitasun pixka bat, iluntasunean

Uztarria.eus 2014ko api. 2a, 13:54
Ezkerretik eskubira, Joakin Egigyuren, Lurdes Balda eta Jon Odriozola.

Ekonomia krisiak gogor astindu du Azpeitia azken urteotan. Enpresa bat baino gehiago itxi da herrian, eta beste asko daude estuasunean. Egoerak buelta eman dezan itxaron gabe, badira lanik gabe gelditu eta euren ekimenez, enpresak sortu dituzten herritarrak. Horietako batzuk dira, Joakin Egiguren (Azpeitia, 1977), Jon Odriozola (Azkoitia, 1976) eta Lurdes Balda (Azpeitia, 1972).

Duela hiru urte eta erdi itxi zen Graficas Zubi SL enpresa. Hango langilea zen Joakin Egiguren, Azkoitian bizi den azpeitiarra. "Hamaika urte egin nituen Zubin, eta itxi zenean beste inprenta bat sortzen saiatu ginen bederatzi bat langilek, baina azkenean ez zen aurrera atera proiektua". Gero, bi urte eta erdian, Azpeitiko beste enpresa batean aritu zen, "beti kontratu motzekin". Egigurenek azaldu duenez, "ez nuen horrela jarraitu nahi, lan hura ez nuen gogoko, eta gustuko zerbait egitea erabaki nuen". "Kirola asko gustatzen zaidanez, kirolarekin lotura zuen zerbait egin nahian hasi nintzen, eta ikusi nuen Azkoitian ez zegoela hain saturatuta kirol denden kontua. Azpeitiarekin konparatuta, kirol denda gutxi zegoela Azkoitian. Pentsatu nuen izan zitekeela irteera gustuko horri tiratzea, eta horrela hasi nintzen", esan du. Hornitzaileekin-eta hitz egin ostean, Azkoitian ireki berri duen kirol dendan "zerbait desberdina" eskaintzea erabaki zuen Egigurenek: "Denda ireki ez ezik, biomekanikarekin fusionatu nuen eskaini nahi nuena. Horrela, dendan jarri dut lasterkariek-eta probak egiteko txokoa. Eta, bestalde, kirol ikasketak egin dituzten Azkoitiko hiru gazterekin hitz egin dut, eta haiek ere hasi berri dira entrenamendu pertsonalak-eta gidatzen". Egigurenentzat zailena dendarako "gustuko materiala aurkitzea" izan dela esan du.

Bigarren ekintzailea, Jon Odriozola, 17 urtez aritu zen Corrugados Azpeitian lanean, baina 2012an enpresaren bideragarritasuna ez zuelako "egoera onean ikusten", utzi egin zuen. "Garbi nuen neure kasa zerbait egin nahi nuela, animalien munduari soluzioa emateko". 2008an, ere saiatu zen bere kasa enpresa berri bat abiatzen, eta duela urtebete eman zuen saltoa: "Animalien munduan hasi nintzen lanean. Bizi guztia txakur artean ibili naiz eta oso gustuko ditudanez, batera eta bestera jo, eta webgunea eta biltegia jarri nituen abian. Animalien mundua hain zabala denez, atal bakoitzari balio erantsia ematen saiatu naiz eta, animalientzako janaria eta osagarriak ditugu biltegian. Txakurrentzat, ganaduentzat, txorientzat... ditugu produktuak, eta kasu bakoitzean sakontzea nahi dut". Odriozolak dioenez, "oso garrantzitsua da gustukoan lana egitea, nahiz eta ezer ez den erraza".

Lurdes Baldak eta Patxi Tenak ere enpresa berri bat sortu dute. Azcue y Cia enpresan aritu ziren 2012an itxi zen arte, 7 eta 25 urtez lanean, hurrenez hurren. Balda ingeniaria da, eta Tena enpresa hartako bulego teknikoko zuzendaria zen. Biak elkartu, eta enpresentzat bulego teknikoa sortu dute, "langile gutxi dituzten enpresekin edo proiektu zehatz bat egin nahi duten, baina iritsi ezinik dauden enpresekin aritzeko". Baldak dioenez, "oso gogorra" da ekintzaile izan eta hasieran norbere enpresan lan egitea: "Zurea ez den lantokian egin beharrekoak egin eta listo izaten da. Baina, orain denetik egin behar dugu". 2013an jarri zuten martxan enpresa berria, eta aholkularitza teknikoa eskaintzen dute, baina "zerbitzua zabaltzea" nahi dutela azaldu dute. Zailena "bezeroak aurkitzea" dela dio Baldak.

Ekintzaileentzako laguntzak

Hiru ekintzaileek bat egiten dute ekintzaileek diru-laguntza handirik ez dutela jasotzen esaterakoan, baina denek goraipatu dute Iraurgi Berritzenen laguntza. Baldak esan duenez, "Zaila da diru-laguntzak jasotzea, eta jasotzen duzuna gutxi da. Laguntza horiegatik ez zara animatuko enpresa sortzera, eta hasiera oso gogorra izan da". Dena den, Iraurgi Berritzenen laguntza "ezin hobea eta beharrezkoa" izan dela esan dute. Odriozolak "ezinegona duen edonori probatzeko" esango liokela azaldu du, nahiz eta "lan asko egin behar den eta buruhauste ugari izan".